'Gutik Zura' dokumentala aurkeztuko dute ekainaren 3an Irungo Bioterran

Ttipi-Ttapa 2016ko eka. 1a, 12:33

Mari Jose Barriola eta Imanol L. Perotxena apirilean Donostian egindako aurkezpenean.

Basoaren, zuraren eta euskal gizartearen arteko harremanek izan duten, gaur egun duten eta izango duen balioa gizarteratzea da Mari Jose Barriola leitzarrak zuzendutako ikusentzunekoaren helburu nagusia

Gutik ZURA: iragana, oraina eta etorkizuna egitasmoa aurkeztuko dute ekainaren 3an, ortziral goizeko 10:30ean Irungo Ficoban eginen den Bioterra Azokaren baitan. Leitzako Mari Jose Barriola proiektuaren zuzendaria eta Lesakako Imanol L. Perotxena produktorea eta komunikazio arduraduna izanen dira hizlari. Ikusi elkarrizketa

 

Gutik ZURA dokumentalaren helburu nagusia basoaren, zuraren eta euskal gizartearen arteko harremanek izan duten, gaur egun duten eta izango duten balioa gizarteratzea da. «Gure kulturan sustraitutako elementua izanik, gure paisaiaren parte eta gure izanaren islada dugu, eta hala ere gaur egun merezi duen tokia galduz doa. Egurraren erabilera, garapen ekonomiko eta kulturalerako gakoa izan den hainbat lekutara bidaia eder bat hasiko dugu», dio Nekazaritza ingenieria, irakaslea eta Tknikako egur arloko arduraduna den Mari Jose Barriola zuzendariak.

Jon Maia bertsolaria da dokumentalaren gidoilaria, Juantxo Sardón argazki zuzendaria eta Peio Ramirez eta Oreka TX arduratu dira musikaz eta soinu bandaz.

Mari Jose Barriolaren erranetan, «zurarena nagusiki industrialki, teknikoki, akademikoki edo pedagogikoki tratatu izan den gai bat da. Gu hori guztia tratamendu artistiko batekin egiten saiatuko gara. Historia istorioen bidez kontatuko dugu. Gure ahalegina izango da ikusleak zuraren unibertsoa, baloreak, mehatxuak, erronkak, iragana, oraina eta etorkizuna barneratzea, eta horretarako istorio pertsonalak eta gaian adituak direnek emandako gakoak konbinatuko ditugu filme dokumental baten formatoan».

 

Komunikazio eta difusio kanpainak

#NireHazia finantzaketa kanpaina da martxan jarri berri dutena hilabetez, www.vkm.is/gutikzura orrialdean herritarrek beraien hazia jartzeko aukera dute, 10, 20, 35 eta 50 eurotako diru laguntzekin. Elkarte eta enpresentzako 100, 300 eta 1000 eurotako laguntza emateko aukera ireki dute. Kopurua edozein bada ere, laguntza guztiek dute amankomunean zuhaitz baten landatzea nafarroa, bizkaia eta gipuzkoako basoren batean, ondoren geolokalizazio bidez laguntza eman duen orok bere zuhaitza non dagoen jakingo du.

#NireZuhaitza argazki lehiaketa. Sare sozialetan hasi dugu lehiaketa partehartzaile hau. Jendeak facebook edo twitter bidez beraien zuhaitz edota basoen argazkiak sarera igo eta lehiaketan parte hartzea egin eta bukatu dugu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun