Mairu Antzerki Tailerraren ‘Talaka’ antzezlana ikusgai ekainaren 4an Beran

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko eka. 1a, 08:04

Mairu antzerki tailerrak bere azken lana taularatuko du larunbat arratsaldean Berako Kultur Etxean.

Larunbatean 19:00etan eskainiko dute Kultur Etxean, Kataku ostatuaren hamargarren urteurreneko ekitaldien baitan

Mairu Antzerki Tailerraren Talaka antzezlana ikusgai izanen da ekainaren 4an, larunbatean 19:00etan Berako Kultur Etxean. Katakuk, Udalak eta Kutur Batzordeak antolatutako emanaldira sartzeko 5 euro ordaindu beharko da. Gaizka Sarasola dugu antzezlan honetan idazle, eta aktore. Hauxe da Mairu Antzerki Tailerrak 2005ean Erregea, soldadua eta bufoia antzezlana aurkeztu zutenetik taularatutako lehenengo lana. Xabi Erkiziak sortu du antzezlaneko soinua.Hain zuzen, Kataku ostatuaren hamargarren urteurreneko lehenbiziko ekitaldia da antzezlana, baina bertze aunitz ere izanen dira ekainaren 4tik 11ra.

 

Ekainaren 5ean Perlak talde zarauztarrak beraien diska berria aurkeztuko du, igandean 20:00etan.

Ekainaren 6an, astelehenean 20:00etan Betunizer talde valentziarrak Frantziako biran abiatu aurretik geldialditxoa eginen du Katakuko taula gainean aritzeko.

Ekainaren 7an, asteartean 19:00etan euskal preso politiko ohiek idatzitako Ametsen liburuaren aurkezpena izanen da.

Ekainaren 8an, asteazkenean 20:00etan Joseba Irazoki musikariak Le quattro volte film italiarra musikatuko du zuzenean.

Ekainaren 9an, ortzegunean 20:00etan Nafarroaren garaia Juan Kruz Lakasta elkarrizketatzaile duen Labrit Multimediaren dokumentalaren emanaldia izango da ikusgai.

Asteburuari ateak irekitzeko, ekainaren 10ean, ortziralean Radiator Ziburu eta Pariseko bikoak eta Sam fleish taldeek rock kontzertua eskainiko dute 22:30ean eta bukatzeko, ekainaren 11n, larunbatean Zizka ostatuaren 25 urteak eta Katakuren 10ak ospatzeko, eguerdian txarangarekin girotutako bermuteoa, bazkaria Katakuko terrazan eta jam session-a izango dira berako musikarien eskutik (Joseba B. Lenoir, Joseba Irazoki, Anxel Iraola, Agara bro’s, Felix Buff…) Inaxio Agararekin batera antolatutako Zotal-total bestan.

Aste guztian zehar pintxo-pote berezia ere eskainiko dute Katakuko zerbitzariek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun