IV. Euskal Herria Mendi Erronka ekainaren 4an jokatuko da Leitza inguruan

Ttipi-Ttapa 2016ko mai. 31a, 10:22

Leitzako plazatik abiatuko dira aurten ere kirolariak, 67 kilometroko ibilbidea osatzeko. Argazkia: Pablo Feo

900 lasterkarik eman dute izena eta 800ek izanen dute dortsala 67 kilometroko mendi lasterketa egiteko

Inoizko parte-hartzerik handiena izanen du Euskal Herriko Mendi Erronkaren laugarren edizioak larunbat honetan Leitzan. 900 lasterkarik eman dute izena eta horietatik 800ek izanen dute dortsala. Bezperan, hitzaldia eskainiko du Jokin Lizeagak.

ESAIT desagertu zenean, ordura arte beraiek arduratzen ziren antolaketaz, Euskal Herria Mendi Erronka elkartea sortu zuten eta geroztik, zortzi arduradun eta 450 laguntzaile inguru aritzen dira urte osoan lanean, 67 kilometroko mendi lasterketa hau prestatzen.

 

Ekainaren 3an hitzaldia

Erronka larunbatean izanen den arren, bezperan ere, girotzen joateko, ekitaldiak antolatu dituzte eta mugimendua nabaritzen hasiko da herrian. 17:00etatik aurrera dortsalen banaketa eginen dute plazan eta kirolarientzako azoka berezia ere prestatu dute. Gainera, Jokin Lizeagak hitzaldia eskainiko du 19:30etatik aurrera Leitzako zinean, lasterketen munduan bere esperientziak azalduz.

Ekainaren 4an, larunbata, 08:00etan hasiko da erronka plazan eta bertan bukatuko da. 67 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute parte-hartzaileek, 6 kontrol gune igaro eta tartean 8 hornidura-postu izanen dituzte indarrak hartzeko. 7.000 metroko gainbehera du probak eta Erronkaren baitan, Kilometro Bertikala ere jokatuko da Irumugarrietako igoeran, 3.600 metroko gainbehera positiboari aurre egin beharko diote. Irumugarrieta da hain zuzen ibilbideko punturik altuena 1.431 metrorekin eta Arribe baxuena 222 metrorekin. Sailkatzeko 13 orduz azpitik osatu beharko dute ibilbidea. 14:00ak aldera espero dituzte lehenbiziko korrikalariak eta sari banaketa 20:00ak inguruan izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun