Lau edukiontzietako hondakinak nahasi ziren eta lagin adierazgarria hartu zen. Ondoren hondakinak frakzio desberdinetan bereizi eta pisatu ziren. Bildutako emaitzak ondorengoak izan dira:
- Errefusa: 9,85 kg
- Materia organikoa: 66,01 kg
- Ontziak: 17,66 kg
- Papera-kartoia: 3,1 kg
- Beira: 2,77 kg
- Bertzeak: 2,77 kg
Bereizi eta pisatutako 102,16 kiloetatik, bakarrik 9,85 kg (%10) ongi zeuden edukiontzi berdean. Bertzeak Mankomunitateak Etxalarren hondakin mota desberdinak biltzeko dituen edukiontzietan, konpostagailuetan edo “Garbigune ttikian” (hondakin berezien etxola) sartu behar ziren.
Edukiontzi berdearen pisaketa
Bertze aldetik, maiatzaren lehenbiziko lau asteetan Etxalarko edukiontzi berdeetan bildutako hondakin guztiak pisatu dira. Guztira, 13.998 kilo pisatu dira lau astetan. Honek erran nahi du Etxalarren urtean 182 tona inguru hondakin biltzen direla edukiontzi berdean nahasita, 227 kg/biztanle/urte eta 0,62 kg/biztanle/egun.
Auzoko konposta egiteko materialaren banaketa
Lan handia dagoela egiteko erakusten dute datuek, birziklagarriak diren hondakin gehienak oraindik edukiontzi berdera nahasita joaten jarraitzen baitute. Ez dugu ahantzi behar Bortzirietan %35 birziklatzen dugula, beraz bertze %65 aipatutako edukiontzian biltzen da. Gainera, Hondakinen Legearean arabera 2020. urterako %50 birziklatu behar dugu, eta Nafarroan 2025erako materia organikoaren %70eko birziklapenera ailegatu behar gara.
Horrek sentsibilizazio kanpainak egiteko beharra adierazten du, orain Etxalarren egiten ari den bezala, eta ortzegunean, ekainak 2, bertze mugarri garrantzitsuenera ailegatuko dena. Goizeko 11:00tatik 12:30era eta arratsaldeko 5etatik 6:30era Bekolandako auzo konpostagunearen ondoan interesdun guztiei auzoko konposta egiteko ontziak banatuko zaizkie. Gainera, beharrezko azalpenak emanen dira eta zalantza guztiak argituko dira.
Bere hondakin organikoak konpostatzen hasteko interesa duen Etxalarko edozein bizilagun hurbildu ahal izanen da. Berdin du konposta Bekolandako puntuan eginen duen, Antsolokuetako puntuan edo seguraski jarriko den hirugarren puntuan. Puntu honetako kokapena Etxalarko Udala, Mankomunitatea eta bizilagunen artean erabakiko da.
Ez da beharrezkoa aldez aurretik izena eman izana, edozein hurbildu ahal izanen da, izena eman eta beharrezko materiala hartu.