Berako etxebizitzen lautik batean ez dago inor erroldaturik

Ttipi-Ttapa 2016ko mai. 27a, 11:19

Udalaren bidez merkaturatzeko prest egonen liratekeen 18 etxebizitzen poltsa osatu dute.

18 lagun prest daude hutsik duten bere etxebizitza udalaren bidez merkaturatzeko 

Berako udalak etxebizitzaren gaineko azterketa egin du azkeneko hilabeteetan. Alde batetik etxe hutsak, bertzetik aurri edo ruina egoeran daudenak eta etxebizitza beharraren gainean inkesta bat ere egin da. Azterketa hauen orain arteko emaitzen aurkezpen publikoa egin zuten maiatzaren 25ean Beralandetan.

Datu batzuk ematekotan, herriko 1.772 etxebizitzetatik 440tan (%24) ez dago inor erroldatua. Honek ez du inor bizi ez dela erran nahi, etxebizitza horretan bizi den pertsona beste helbide batean erroldaturik egon daitekeela baizik. Etxebizitzen %85ean lau pertsona edo gutxiago bizi dira.

Uraren kontsumoa erreferentzia moduan hartuta, 158 etxebizitza huts daudela ondorioztatu dute.  Horietatik 30 prozesutik kanpo gelditu dira, zein egoeratan dauden ziurtatu ezin izan dutelako. Jabeekin hitz egin ondoren, bertze 128 etxebizitza huts horietatik 31 lehenengo etxebizitza direla jakin ahal izan du Udalak, hau da, jabearen eguneroko erabilerarako edo alokaturik daudela. Azken urtean uraren kontsumoaren irakurketa egin ez izanagatik sartuak dira etxebizitza hauek hutsen zerrendan. Honen ondoren ikerketatik at gelditu dira.

Honen ondorioz 97 etxebizitza hutsekin lan eginen du Berako Udalak. Horien artean, 29 bigarren etxebizitza moduan erabiltzen dira, udaran, asteburuan edo biltegi moduan erabiltzeko. Beste zenbait etxebizitza hutsik daude eta hutsik mantendu nahi dituzte arrazoi desberdinak direla eta: baserrietan bizi eta zahartzen ari direnez egunen batean herrira etortzeko beharra badute eskuragarri edukitzeko, esperientzi txarren ondorioz fidatzen ez direlako, ondorengoentzat gordetzen ari direlako, gonbidatuak hartzeko etxe bezala erabiltzen dituztelako, familia kideren bat etortzekoa delako… Modu honetako 27 etxebizitza aurkitu dituzte. Paper arazoak direla eta obrak bukatzeko dauden etxeak, bizigarritasun baimena falta duten etxeak, saltzerakoan arazoak izan eta epaiketetan dabiltzan kasuak… ere aurkitu dituzte, 97tik 8 izanik. Hauek, printzipioz, arazoak konpontzeko intentzioz agertu dira eta beraiek bertan bizitzeko edo merkaturatzeko gogoa aurkeztu dute. Hutsik dauden beste zenbait etxebizitza salgai daude eta ez dituzte alokatu nahi. Udalak erosiko ote lituzkeen ere galdetu dute batzuk. 97 etxebizitzatik 9 dira egoera honetan daudenak.

Oraintxe saldu berri diren etxebizitza batzuk ere agertu dira eta hauek ere lehenengo etxebizitza bezala ibiltzeko saldu direla argitu dute. Talde honetan 5 sartuko dira. Hauek ere etorkizun laburrean etxebizitza huts izateari utziko diotela pentsatzen du Udalak.

 

18 etxebizitzetako poltsa

Azkenik, Udalarekin elkarlanean aritzeko prest zenbait pertsona agertu dira eta 18 etxebizitzako poltsa bat sortu da, alokatzeko prest daudenak.

Etxebizitza beharrari buruz egindako ikerketari dagokionez, 31 pertsonen erantzuna jaso du Udalak.

Lorturiko emaitzen inguruan azpimarratu daiteke bertako biztanleen gehiengoak herri gunean kokaturiko bizilagundun pisu batean bizi nahi duela, 76-90 metro koadroko etxea bilatzen duela, hiru logeladuna berria edo bigarren eskukoa dela ere. Errentan hartuko balute 301-450 euro bitartean ordaintzeko prest agertu dira gehiengoak.

Aunitzeri Babes Ofizialeko Etxebizitza bat esleitzea gustatuko litzaioke ekonomikoki eskuragarriagoa dela suposatzen delako. Nagusiki etxea jabetzan edukitzeko joera nabaria da eta alokairu aukerak interes gutxiago sortzen duen arren, alokatzearekin batera urte batzuen buruan etxea erosteko aukera ematen diren kasuak salbuesten dira. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun