Europar Batasuna Nafarroako natura-bide atlantikoak lotzearen alde agertu da

Ttipi-Ttapa 2016ko mai. 27a, 09:03
Bidasoa eta Plazaolako Bide Berdeak lotuko dituen proiektuaren alde agertu da Europar Batasuna.

Plazaola eta Bidasoako natura-bideak lotu nahi dira, Doneztebe eta Urritza, Saldias eta Jauntsaratsen barrena

POCTEFA, lurralde arteko lankidetza-programaren azken deialdian, Ederbidea proiektua onartu zen. Helburua da bizikleta bidezko garraio jasangarria indartzea mugakide diren Gipuzkoa, Nafarroa eta Pirinio atlantikoen (Frantzia) artean. Horretarako, mugaz gaindiko txirrindularitza-plan bat ezarri asmo da, Iruñearen, Baionaren eta Donostiaren arteko lotura, eta mugikortasunerako soluzioak ardatz hartuta. 

 

Proiektuaren barnean jasota daude: txirrindularientzako ibilbideen mapak; sentsibilizazio-ekintzak; txirrindularientzako bideak sustatzeko ekintzak; eta, batez ere, txirrindularientzako azpiegiturak hobetzea eta berriak sortzea. Esate baterako: Plazaolako eta Bidasoako natura-bideak lotzea, Doneztebe eta Urritza, Saldias eta Jauntsaratsen barrena, lotzen dituen tartearen bidez, "Eurovelo 1" Europako txirrindularitza-sarearen ibiltartearekin bat datorrena.

Hortaz, proiektuak dagoeneko egon badauden bitartekoak baliatzen ditu: 'Eurovelo' sarea nahiz Europako Circuldouce eta Transfermuga proiektuetan burututako jarduerak, besteak beste, tokian toki herritarren eta eskualdera bisitan etortzen direnen artean mugikortasun-eredu bat finkatze aldera.

Proiektuak 9.949.000 euroko aurrekontua du, eta horretatik % 65 Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) finantzatuko du.

Taldeburua Pirinio Atlantikoetako Departamendua da, eta Frantziako, Gipuzkoako eta Nafarroako beste 11 bazkidek hartzen dute parte, horien artean Nafarroako Gobernuak (Turismo Departamentuaren bitartez), Imozko Udalak, Plazaolako Turismo Partzuergoak, Baztan-Bidasoa turismo-elkarteak, eta Cederna Garalur Elkarteak. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun