Lesakako Sanferminetako kartel eta portada irabazleak jakinarazi dituzte

Ttipi-Ttapa 2016ko mai. 11a, 08:49
Kartel, programaren azal eta kontrazal irabazleak.

Kartela Teresa Rojo Larraldek egindakoa da eta portada Juan Carlos Pikabea margolariak

Lesakako Sanferminak iragarriko dituen kartela eta besten programako azala eta kontrazalean joanen diren irudiak aukeratu dituzte. Karteletan, aurkeztutako 7 lanen artean Teresa Rojo Larralderen Kaskabiloa izan da lehiaketako irabazlea eta portadarako, 9 lanen artean, Juan Carlos Pikabea Zubiri margolariaren Neska Mutilak lana aukeratu dute.

 

Bakoitzak, 250 euroko bonoa eskuratuko du saritzat, herriko komertzio, zerbitzu edo ostatuetan erabiltzeko.

Kontrazal lehiaketa, iaz bezala, margolariaren alabak, Monica Pikabea Perinnek irabazi du, Pepitto Kapitaina lanarekin. Denera, herriko 6 eta 12 urte arteko neska-mutikoek 131 marrazki aurkeztu zituzten. Irabazleak, 100 euroko bonoa izanen du saritzat, herriko dendetan eskolako materiala erosten erabiltzeko.

 

Besta batzorde irekia ortziralean

Kartela eta programarako azal eta kontrazalak aukeratzea bestak hurbiltzen ari direnaren seinale da. Horrez gain, maiatzaren 13an, ortziralean 18:00etan besta batzorde irekia deitu dute udaletxeko pleno aretoan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun