Lesaka Auzo Konpostaren Alde taldeak, Bortzirietako Hondakinen Mankomunitateko datuak eman ditu eta horren arabera, Lesakan 248 familiak egiten dute auzo konposta eta 158k etxe konposta, «borondatez eta inori kalterik egin gabe». Taldearen erranetan, sistema horrek alde onak bertzerik ez ditu, «ekonomikoak, dagoen sistema merkeena delako, baita ekologikoak ere, sortzen den zabor kopurua aunitz jaisten delako». Beraz, Lesakako familien %40ak konposta egiten duela kontuan hartuz, «funtzionatzen duen sistema bat delako eta gure eskubidea delako», Lesakako auzo konpostarako postuak ez kentzea eskatu diote Lesakako udalari eta Bortzirietako Hondakin Mankomunitateari, 331 sinaduraren babesarekin.
Bere aldetik, Jose Luis Etxegarai alkateak adierazi duenez, bosgarren edukiontziaren aldeko apustua egin dute Lesakan, «jarri duten herrietan bere eraginkortasuna erakutsi duelako». Etxegarairen erranetan, Lesakako Antolaketa Planak dio edukiontziak aparkalekuetan egon behar dutela eta auzo-konpostagailuak, aldiz, «Mankomunitateko herri guztien artean Lesakan bakarrik daude lorategietan jarriak. Lorategi horien mantenuan 60.000 euro gastatzen ditu urtean herriak, eta astakeria iruditzen zaigu diru hori gastatu eta gero edukiontzi horiek jartzea». Alkateak dioenez, «sistema honen aldekoek herrigunetik eta lorategietatik kanpo horrelako puntu batzuk jartzeko formula eskaintzen badute, gure babes guztia izanen dute sistemarekin segitzeko».