Batasuna aldarrikatu dute Baigorrin Nafarroaren Egunean

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko api. 25a, 15:00
Urtero bezala, giro polita izan zen Baigorrin Nafarroaren Egunean. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Ehundaka lagun bildu ziren igandean, tartean Uxue Barkos Nafarroako gobernuko presidentea

Hutsik egin gabe, apirileko azken igandean Nafarroaren Eguna ospatu dute Baigorrin. Horretarako egun osoko egitarau zabala prestatu zuen Basaizea Kultur Batasunak, Separatismorik ez! Nafarroa bat eta bakarra! goiburupean. Inoiz ez bezala, Nafarroa Garaiko ordezkaritza instituzionala ere izan zen Baigorrin: Gobernuko presidentea den Uxue Barkos eta hiriburuko alkate Joseba Asiron.

 

Basaizea Kultur Batasunak argi azaldu zuen egun honen xedea: «Izpegiren bi magaletan dantzatzen eta kantatzen duen herria garela aldarrikatzeko. Euskarak batzen gaituela erakusteko. Sustraiak sakon lurrean, eta ametsak hegan haizean, etorkizuna elgarrekin eraiki nahi dugula erraiteko».

Egun osoan ziganteak, dantzariak, txarangak, txalapartariak, bertsolariak eta hainbat musika talde izan ziren eremu ezberdinetan. Eta giro bikaina, nola ez

Basaizeatik azaldu dutenez, «gure herrian separatista deitu gaituzte. Baina gu ez gira separatistak! Alderantziz. Unionistak gara gu! Gure herria batua nahi dugu! Nafarroa bi zatitan bereixtearen kontra gira. Euskaldunak bi estatutan separatzea ez dugu onartzen. Hemen norbait separatista izatekoz, hori nahi dutenak dira». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun