Tantirudantza jaialdiak hainbat dantzari ttiki bilduko ditu Lesakan apirilaren 17an

Ttipi-Ttapa 2016ko api. 12a, 07:46
Karrikaz karrika ibili ondotik, plazan eskainiko dute emanaldia talde guztiek.

Lesakako Tantirumairukoez gain, Zumaia, Getaria eta Tolosako ttikiak ariko dira dantzan

Tantirumairu Euskal Folklore dantza taldeak, Lesakako Udalaren laguntzaz antolatuta Tantirudantza jaialdia ospatuko da apirilaren 17an Lesakan. Herriko Tantirumairu dantza taldeko neska-mutikoekin batera, Zumaiako Txori txiki dantza eskola, Getariako Gure Txeru eta Tolosako Udaberri taldekoak ariko dira.

 

Goizeko 11:00etan kalejira eginen dute taldeek bakoitzak bere aldetik. 12:15ean Zubigainekoa dantzatuko dute herriko dantzariek eta ondotik plazan bilduko dira lau taldeak saioa eskaintzeko. Kanpoko dantzariak herrikoen etxeetara joanen dira bazkaltzera eta arduradun eta musikariek elkarrekin bazkalduko dute. 17:30ean plazan Porru DJ-a haurrentzako erromeria izanen da. Euria eginen balu frontoian eginen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun