Lesakako Zahar Etxeko Patronatuak egin ez zuen bileraren aferaren inguruko ebazpena eman du Nafarroako Administrazio Auzitegiak

Ttipi-Ttapa 2016ko api. 5a, 07:56
Lesakako Zahar Etxean lan baldintza duinak eskatuz joan den urtean egindako elkarretaratzea.

EHBilduk dio arrazoia eman diola eta alkateak erantzun du estatutuek diotena bete bertzerik ez duela egin eta bere konpetentzien gainetik modu okerrean jo duela auzitegiak

Luze jo badu ere (sei hilabete baino gehiago), martxoaren 10ean atera den ebazpenak arrazoia ematen diola uste du Lesakako EHBilduk: Nafarroako Administrazio Auzitegiak (TAN delakoak) erran du Jose Luis Etxegarai alkateak Andra Mariko Patronatuaren estatutuen eta legearen kontra egin duela, ezetz erran ziolako EH Bilduk joan den urteko ekainean patronatua biltzeko egin zuen eskari bati. Jose Luis Etxegarai alkateak, bere aldetik, aipatu du hasieran horrelako asmorik ez bazuen ere errekurtsoa jarriko duela: «beti ere auzitegiaren erabakiak errespetatuz, akats garrantsitzuak ditu, estatutuen interpretazio okerra egiten baitu eta horretaz gain, bere konpetentzien gainetik egin du».

 

EHBilduk ohar bidez jakinarazi duenez, «Geroa Baik alkatetza eskuratu ondotik hartu zuen lehenbiziko erabakietako bat izan zen Andra Marin kontratazio sistema aldatzea. Izan ere, Geroa Baik kendu egin zuen Bilduk kontratazioraki paratu zuen lan poltsa objetiboaren sistema. 2015eko ekainaren 30ean Andra Mariko Patronatua biltzea eskatu genion alkate eta patronatuko lehendakari Jose Luis Etxegarairi, Zahar Etxeko kontrataziorako lan poltsa gelditu zuela-eta arrazoiak ezagutzeko». Uztailaren 2an lehendakariak uko egin zion bilera deitzeari, eta egoera horren aitzinean TANen errekurtsoa paratzea erabaki zuen EHBilduk abuztuaren 20an.

Orain, TAN delakoaren ebazpeak dio Etxegarai alkateak ekainean bilera ez deitzeko Andra Mariko estatutuen inguruan egin zituen interpretazioak «absurdora» eramaten zutela eta «estatu eta legeen gainetik pasatu zela».

Jose Luis Etxegarai alkateak, bere aldetik, uste du afera honek ez duela inolako errekorridorik, «ebazpenak berak onartzen baitu bilera egin egin zela eta begira zer garrantzi izanen zuen, salaketa jarri zuen pertsona bere ere ez zela bilera horretara azaldu». Alkatearen ustez, ebazpenak estatutuen bi artikuluren interpretazio okerra egiten du TANek eta «iritzi dio ez dela zuzena edo ez duela konpartitzen, baina hori epaitegiaren konpetentziaren gainetik dago, ez baitagokio estatutu batzuk zuzenak diren edo ez erabakitzea, horiek betearaztea edo legezkoak ez balira berehala aldatzea agintzea baizik». Etxegaraik dio berak zehatz-mehatz bete zituela bi artikulu horiek eta «epaitegiak partzialki arrazoia ematen dio Bilduri, berari ez dagokion interpretazio okerra eginez».

EHBilduk buzoietan banatu duen oharrak dioenez, «tamalez, administrazio auzitegiak arrazoia eman digu, eta tamalez erraten dugu, horrek erran nahi duelako Geroa Baiko alkatetza lesakarren interes publikoaren kontra aritu dela, eta legeak ezartzen zionari bizkar emanda. Politika egiteko eredu zaharra ordezkatzen du Geroa Baiko udal taldeak: herritarren kontrolpetik kanpo eta arbitrarietatean oinarrituta». Alkateak, bere aldetik dio EHBildu gezurretan ari dela «Jose Luis Etxegarai estatutuen kontra jo zuela segurtatzen duenean, edozein gizarte eragile edo epaitegiaren aurrean erakutsiko baitut estatutuetan idatzia dagoena bete bertzerik ez zuela egin presidenteak. Bertzeak dira bere momentuko interesen arabera interpretazioak egiten dituztenak».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun