119 langabetu guttiago utzi ditu martxoak eskualdean

Ttipi-Ttapa 2016ko api. 4a, 11:48

Nafarroa osoko jautsiera nabarmenenea (-%11) izan da Doneztebeko Bulegoan eta 969 langabetuk emana dute izena 

Aste Santuak mesede egin dio lan-merkatuari eta 969 lagunek emana zuten izena Doneztebeko Enplegu Bulegoan martxo hondarrean, otsailean baino 119 guttiago. Nafarroa osoan %2,17 jautsi da langabezia eta Doneztebeko bulegoan izan da jautsierarik nabarmenena (-%10,94). Mila langabetuen langatik beheiti dago berriz ere eskualdea.

 

Adina eta sexuari dagokionez, 25 urtez goitiko gizasemeen artean 400 lagun daude langabezian, otsailean baino 51 guttiago. Adin tarte horretako emakumeen artean, 51 guttiago daude langabezian, 490. 25 urtez beheitiko gizasemeen artean otsailean baino 9 guttiago daude langabezian, 43 lagun denera. Adin tarte horretako emakume gazteen artean ere otsailean baino 8 langabetu guttiago daude, 36 denera.

Zerbitzuen arloak segitzen du langabe gehien izaten, baina martxoan 94 guttiago ditu, 779tik 685era pasatuz. Industria arloan ere 14 langabetu guttiago daude, 137 denera. Eraikuntzan ere 3 langabetu guttiago daude, 76. Nekazaritzan, 3 lagun guttiago daude lanik gabe, 22 denera, eta aitzinetik lanik egin ez dutenen artean 49 lagun daude langabezian, otsailean baino 5 guttiago.

Datu ezkor moduan, aipatzekoa da langabetuen artean gehiago direla langabezi-prestaziorik kobratzen ez dutenak (%55,83) kobratzen dutenak baino (%44,17).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun