Mugikor eta tabletetarako ERRAN.EUSen aplikazioa eskuragarri dago

Ttipi-Ttapa 2016ko mar. 4a, 11:41
Aplikazioak instalatu eta ez izan beldurrik zuen iritzia bidaltzeko

Xorroxin eta Ttipi-Ttaparen edukiak modu erraz eta arinean dohainik

ERRAN.EUS atariaren aplikazioa eskuragarri dago Android (klikatu hemen deskargatzeko) eta iOS (klikatu hemen deskargatzeko) sistema eragilea erabiltzen dituzten mugikorretan eta tabletetan. Ttipi-Ttapa aldizkariak eta Xorroxin irratiak sortutako edukiak modu erraz eta arinean, dohainik, erakusten dituen tresna da aplikazioa.  ERRAN.EUS aplikazioarekin batera Durangaldeko Anboto, Zumaiako Baleike eta Debagoienako Goiena agerkari digitalak ere kaleratu ditu TOKIKOM Toki Komunikabideen sareak.

 

Lehenbiziko bertsioa da orain eskuragarri dagoena eta pixkanaka baliabide berriekin hornitzen joanen da. Oraingoz albisteak, Xorroxin zuzenean entzuteko aukera, agenda, komunitatea, eguraldia, merkatu ttikia, urtebetetzeak, bideoak eta argazki galeriak kontsulta litezke. Aplikazioa deskargatzen duten erabiltzaileek gainera, unean uneko eta tokian tokiko gertaeren berri edukitzeko jakinarazpenak ere momentuan bertan jaso ahalko dituzte tresna berriari esker. Horrez gain, geolokalizazio bidezko agenda kulturala ere eskaintzen du. Bilaketak errazteko, erabiltzaileek zein herriri buruzko informazioa jaso nahi duten aukeratu dezakete.

 

TOKIKOM sareko lau hedabidek eman dute pausoa

2015eko abenduan hasi zen proba aldi baten ondotik, TOKIKOM Toki Komunikabideen bateraguneak gaur kaleratu ditu gailu mugikorretarako bere aplikazioen bertsio egonkorrak. ERRAN.EUSekin batera, Durangaldeko Anboto, Zumaiako Baleike eta Debagoienako Goiena agerkari digitalen edukiak kontsultatzeko aukera eskaintzen dute, gailu txikietarako egokitutako diseinu eta funtzionalitateekin. Online pasatzen dugun denboraren gero eta zati handiagoa da gailu mugikorretatik egiten duguna. Ameriketako Estatu Batuetan, adibidez, konektatuta igarotako denboraren %62 da honezkero telefonoa erabiltzen pasatzen dutena. TOKIKOMeko agerkarien trafikoari erreparatuta, dagoeneko bisiten %40 inguru da gailu mugikorretatik iristen dena. Gauzak horrela, oso argi dago gailu horietatik iristen diren bisitarien esperientzia ondo zaindu beharra dagoela.

 

Web mugikorra ala aplikazioa?
IKT alorreko beste hainbatetan bezalaxe, mugikorren alorrean ez dago argi zein izan behar duen etorkizuneko apustuak. Lojikak dio webgune moldagarriak eta web bidezko aplikazioak direla jarraitu beharreko bidea: garapen bakar batekin edozein gailutik ongi ikus daitezke, software egileen
aplikazio denden morrontzarik ez dute... Estatistikak berriz, beste bide batetik garamatza: aipatutako ikerlan horren arabera, estatubatuarrek online ematen duten denbora guztiaren %52 pasatzen dute mugikorreko aplikazioak erabiltzen. Joera hori orokorra baldin bada, arrazoizkoa dirudi aplikazioen
bidea ere arakatzea, ikusteko zer erantzun lortzen dugun.

 

Garapen komun bat, tokian tokiko aldaerekin
Eta gauzak hain azkar doazenez, ezin geldirik egon bide bat ala bestea nagusitzen den ikusteko. Beraz, bere garaian Plataforma sortzeko jarraitutako ildoari jarraiki, TOKIKOM apliak sortu ditugu, CodeSyntaxeko lagunekin batera. Aplikazio 'ama' bat sortu dugu, funtzionalitate orokorrak eskaintzen dituena, eta haren gainean moldaketak eginez, tokian tokiko bertsioak, interesa adierazi duten bazkideentzat. Hala, une honetan lau aplikazio daude eskuragarri, euskarazko tokiko informazioa poltsikoan eramateko: Anboto, Baleike, Erran eta Goiena aplikazioak, Android zein iOS gailuetan erabilgarri.

Deskargatu eta probatu!


Lehen garapen lana eginda, orain erabiltzaileon inpresioak jaso behar ditugu, aplikazioak balekoak diren ala ez, eta nola hobetu jakiteko. Instalatu eta ez izan beldurrik zuen iritzia bidaltzeko.

 

   

 

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun