Sanferminetako kartel eta programaren azal lehiaketak deitu ditu Lesakako Udalak

Ttipi-Ttapa 2016ko ots. 26a, 08:48
Sanferminak prestatzen hasteko lehen urratsa eman dute Lesakan: kartel eta programaren azal eta gibeleko azalaren lehiaketak deitu.

Lanak martxoaren 18ra bitarte aurkez daitezke eta herri bozketaren bidez aukeratuko dira irabazleak

Lesakako Udalak, 2016ko Sanferminetako programaren azala eta bestak iragarriko dituen kartela aukeratzeko lehiaketa deitu du, Lesakan jaio edota bertan bizi direnentzat. Lanak udal bulegoetan aurkezteko epea martxoaren 18ko 13:00etan akautuko da, lehiaketa hauetan ohikoa den sistema erabiliz. 

 

Azalen neurria 210x297 mmkoa izanen da osotara eta kartelena 420x594 mmkoa. Derrigorrez, ‘Lesaka 2016ko Sanferminak’ agertu beharko dute.

Kartel nahiz azal lehiaketen irabazleek 250 euroko saria eramanen dute. Kartela argitaratu eginen da eta azaleko lehen saria programaren aitzineko azalean joanen da.

Bertze aldetik, gibeleko azala aukeratzeko, Lesakako ikastetxetan ikasten ari diren 6 urtetik 12ra bitarteko haurrei zuzendutako portada lehiaketa ere deitu du Udalak. 25x20 cm izan beharko dute lanek osotara eta hemen ere Lesaka 2016ko Sanferminak jarri beharko du nahitaez. Hauen lanak ere martxoaren 18rako aurkeztu beharko dira udal bulegoetan. Irabazlearendako saria, Lesakako dendetan eskolako materiala erosteko 100 euroko balioa duen taloia izanen da, eta irudia programaren gibeleko azalean argitaratua ikustea, noski.

 

Erakusketa martxoaren 24tik apirilaren 3ra

Aurkezten diren lan guztiekin erakusketa bat osatuko Harriondoa Kultur Etxean martxoaren 24tik apirilaren 3ra (biak barne). Azken urteetako ohiturari eutsiz, herri bozketak erabakiko du lehiaketa. Horretarako, erakusketak irauten duen bitartean, bertan, bozka emateko aukera izanen dute Lesakan jaioak edo bertan erroldatuak direnak. Honetaz gain, udalaren webgunearen bidez ere bozkatzeko aukera izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun