Inoiz baino bazkide gehiago ditu Lesakako Beti Gazte elkarteak

Ttipi-Ttapa 2016ko ots. 24a, 08:02

Iaz Zarautzen utzitako kostako bidean segituko dute Beti Gazteko mendi taldekoek. Martxoaren 20an Zarautz eta Deba arteko bidea eginen dute.

Urteko batzarra egin zuten otsailaren 20an eta Euskal Herriko Txirrindulari Itzuliko etapa bukaera eta hasieran lagunduko du aurten

Lesakako Beti Gazte elkarteak joan den larunbatean, otsailaren 20an egin zuen urteko ohiko batzarra, elkarteak Alondigako lehen solairuan duen egoitzan. Nahiz eta mila bazkideren muga aisa gainditua izan, 30 bat bertzerik ez ziren azaldu batzarrera.

 

Iazko akta irakurri eta onartu ondotik, iazko kontuak eta ekitaldiak eta 2016rako prestatuak dituzten ekitaldiak eta aurrekontua aztertu zituzten. Aurtengo aurrekontua 131.158 eurokoa izanen da eta ekitaldiei dagokienez, urteroko arruntak dira gehienak. Halere, aipatzekoa da apirilaren 6an eta 7an, Euskal Herriko Txirrindulari Itzuliko etapa bukaera eta hasiera hartuko dituela Lesakak eta nola ez, antolaketa lanetan burubelarri ariko da Beti Gazte. Apirilaren 6koa Araban abiatu eta komentu inguruan izanen du helmuga. Biharamunekoa Lesakan abiatu eta Orion bukatuko da. Horretaz gain, bi urtetik behin egiten den Lesakako Mendi Itzulia ere aurten egitea suertatzen da. Argazki zaharrekin erakusketaren bat antolatzeko asmoa ere badu Beti Gaztek.

Hurbilen dauden ekitaldiei dagokienez, iaz hasitako Kostako Bideari berrekinen diote Beti Gazteko mendizaleek. Iaz Lesaka-Hondarribia, Hondarribia-Donostia eta Donostia-Zarautz etapak egin zituzten eta martxoaren 20an, Zarautz eta Deba arteko bidea eginen dute. Etapa gehiago ere eginen dituzte eta beraz, aurten Bizkaian ere sartuko dira. Bezperan, martxoaren 19an, Zuhaitzaren Eguna eginen dute eta Frain kaxko inguruan, abenduko suteak hondatutako eremu batean landatuko dituzte zuhaitzak.

 

1.156 bazkide, inoiz baino gehiago

Joan den urtean, 75. urteurrena ospatu zuen Beti Gazte elkarteak eta horren balantzea egin zuten segidan. Antolatutako ekitaldi gehienak arrakastatsuak suertatu ziren eta diru aldetik ere, gastuak eta sarrerak berdintzea lortu zuten. Bazkideen kuotei dagokienez, iaz euro bana igo ondotik, aurten bere horretan mantenduko dira. Aipatzekoa da historian izan duen bazkide kopururik handiena duela Beti Gaztek gaur egun, 1.156 bazkide: 8 urtetik beheitikoak 28; infantilak (9-14 urte), 108; jubenilak (15-18 urte), 82; helduak 810 eta jubilatuak 128.

Zuzendaritza batzordean ere ez da aldaketa handiegirik izan, baina urteetan batzordean lan ezberdinak egin dituen eta iaz 75. Urteurreneko batzordeko buru izan zen Modesto Maiak uzteko asmoa du. Jabier Zubieta oinarrizko futboleko bokalian sartu da, Mikel Oiartzabalen ordez. Jose Luis Sunsundegik segituko du presidente lanean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun