Suron hasi eta hortik, Arranbide eta Bentaberri auzoak pasatzen dira eta gorakoan Xauxar baserritik Latxe aldera egingo dute. Han Larratxuri baserritik, Beheko Herriko etxeak pasatu ondotik herrira iristen dira. Fandangoa eta arin arina dantzatzeko ohitura izaten da eta jendearekin egoten dira umore ederrean.
Egun guztian zehar dantza eta kantua oin eta ahoetan izaten dira. Jendeak dirua eman ohi du baina burduntzia betetzeko gaiak ere gustura hartzen dituzte.
Bazkaria Joseba Manterolak bideratuko du beti bezain esku xamurraz. Zopa eta arkumea jaten dira eta kantu saio eder bat ere ez da falta izaten bazkal ondoren.
Herri afaria izango da gero herriko soziedadean eta Gari eta Iñaki trikitilariek girotuko dute. Gauean ere ez dira faltako, kantu, dantza eta kontuak.