Bertze herrietako ikasleak beren ikastetxeetan hartzen dituzten udalerrientzako laguntza gehigarria

Ttipi-Ttapa 2016ko urt. 8a, 12:50

525.000 euroko laguntza jasoko dute Nafarroa osoko 36 toki-erakundek, tartean, Baztan, Doneztebe, Goizueta eta Leitzako Udalek

Nafarroako Gobernuak 525.504 euroko bertze diru-laguntza bat emanen die eskola-kontzentrazio modura jotako ikastetxe publikoak dituzten 36 udalerriei hau da, hurbileko bertze herrietako ikasleei arreta ematen dietenei. Ttipi-Ttapak hartzen duen eskualdeari dagokionez,  Baztango Udalak 5.290,79 euro jasoko ditu (33 ikasle), Doneztebeko Udalak 28.858,87 euro (180 ikasle), Goizuetako Udalak 2.725,56 euro (17 ikasle), Leitzako Udalak 961,96 euro (6 ikasle), 

Laguntza berri horiek helburu horrekin iragan martxoan ordaindutako 525.000 euroei gehitzen zaizkie, eta Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen bi ikasturtetako eskola-kontzentrazioen 3.380 ikasleen eskolatzetik sortutako gastuak konpentsatzen laguntzen dute.

Udalerri bakoitzari emandako zenbatekoa finkatzeko, Hezkuntza Departamentuak 310,80 euroko modulu bat kalkulatu du eskolatutako kontzentrazioko ikasle bakoitzeko, Nafarroako Gobernuaren mendeko Bigarren Hezkuntzako institutuek sortutako gastuetan oinarrituz (berokuntza, elektrizitatea, garbiketa eta atezaintza).

Gogora ekarri behar da Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen bi ikasturteetako ikastetxe publikoen mantentze-lana toki-erakundeen eskumena dela. Nolanahi ere, tradizioz Nafarroako Aurrekontu Orokorretan partida bat izan ohi da udalerrien gastu gehigarriak ordaintzeko (bertako ikastetxeetan bertze herri batzuetako ikasleak nahitaez eskolatzen diren udalerrien gastuak).

Ildo horretatik, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak honako eskubide hau aitortu die berriki udal horiei: beren ikastetxeetako mantentze- eta zaintza-lanen gastuengatik konpentsatuak izan daitezen bertze herri batzuetatik bertara etorritako ikasle-kopuruaren proportzioan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun