erran.eus

50 hektarea kiskali dira Goizuetan asteazkenean piztu zen sutearen ondorioz

  Gertaerak  Leitzaldea  Goizueta

Larreak erretzeko debekua ezarri dute astelehenera arte Nafarroan sute arriskuagatik

Goizueta eta Leitza artean, Mandoegi mendiaren hegal aldapatsu batean piztu zen sutea asteazkenean 20:30 aldera.  Denetara, 50 bat lagun aritu ziren su garren kontra, Goizueta eta Leitzako boluntarioak eta inguruko suhiltzaile etxeetatik etorritakoak, baina hego haizeak eta orografiak ez zuten sua itzaltzeko lanetan lagundu. Atzo 16:30ak aldera lortu zuten sutea kontrolpean izatea. 50 hektarea inguru kiskali dira; pagadiak, iratzeak, txilarrak… eta hiru ardi hilik topatu eta beste batzuk erredurekin agertu dira. Ikusi hemen, Felix Loiarte, Luis Elizegi eta Ibon Elizegik utzitako argazkiak.

50 hektarea kiskali dira Goizuetan asteazkenean piztu zen sutearen ondorioz
50 hektarea erre dira Mandoegi inguruan. | Ikusi handiago | Argazki originala

Iluntzeko 20:30 aldera jaso zuten larrialdi deia Goizuetako suhiltzaile boluntarioek eta hauei laguntzeko Leitzako boluntarioak izan ziren iristen lehenak. Ondoren, hogei bat suhiltzaile batu zitzaizkien Cordovilla, Altsasu eta Oronoz-Mugariko suhiltzaile etxeetatik etorritakoak. Hasieratik izan zituzten zailtasunak suari aurre egiteko, Mandoegi ingurua oso malkartsua da eta hori dela eta, sutea izan zen tokiraino oinez bakarrik irits zitezkeen. Ezustekorik ere izan zuten tartean, lanean ari zen Goizuetako suhiltzaile boluntario batek kea arnastu zuen eta herriko osasun zentroan artatu ondotik Donostiako Ospitalera eraman behar izan zuten. Dena den, ospitalean ordu batzuk eman eta gero etxean da dagoeneko.

Haize-bolada bortitzek helikopteroen lana ere eragotzi zuten eta arratsaldera arte ez zuten deskargak egiteko aukerarik izan. Eguneko tenperatura altuek eta landarediak hezetasun gutxi izateak, asko zaildu ditu sua itzaltzeko lanak. Atzo 16:30ak aldera sutea kontrolpean zegoela jakinarazi zuen Nafarroako Gobernuko Babes Zibileko Zerbitzuak, baina badaezpada ere, 20 bat lagunek bertan jarraitu zuten lanean.

 

Larreak erretzeko debekua astelehenera arte

Babes Zibileko Zerbitzuak Nafarroa osoan larreak erretzeko debekua iragarri zuen atzo sutea pizteko dagoen arrisku handiagatik, Foru Komunitateko iparraldean bereziki; izan ere, inguru horretan landaretzak hezetasun gutxi du, eta datozen egunetarako, tenperatura altua eta hegoaldeko haizea aurreikusita daude.

Gainera, mendirako irteeretan kontu handiz ibiltzeko gomenda-tzen du, bai eta Barranka, Baztan, Bidasoa, Leitzaran eta Pirinioetako landaguneetan ere, basoek su hartu ez dezaten.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa