Bortzirietako Euskaraz bizi nahi dut lasterketa egin dute azaroaren 28an Arantzan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko aza. 30a, 09:38
Ttikienek ere gogoz parte hartu zuten Euskaraz Bizi Nahi Dut Lasterketan larunbatean Arantzan.

Aterune eta euri tanten artean 60 bat korrikalarik egin zuten euskararen aldeko lasterketa

Bortzirietako euskaraz bizi nahi dut lasterketa egin zuten azaroaren 28an Arantzan. Ekitaldia ongi joan zen, eta aterune eta euri tanten artean 60 bat lagunek parte hartu zuten lasterketan, gehienak herriko haur, gaztetxo, guraso eta gazteak... Ikusi Mikel Larretxearen argazkiak

Bi lasterketa izanik, gehienek  herrikoian parte hartu dute, plazatik Larreta auzorako ibilbidea eginez. Azkilarrea auzoko  itzulia ere lasterkari batzuk egin zuten.
Ekitaldia hasi aitzinetik,  hamar minutuko beroketa egin zuten lasterkariek, Ana Larretxea herritarrak gidatuta: luzaketak, beso eta hankak mugitu… Korrikaldiaren ondotik, hameketakoa ere hagitz ongi joan zen, jendeak gustura jan baitzituen tortila pintxoak eta azeitunak;  zozketak ere egin ziren, Kontseiluak eta Euskara Mankomunitateak emandako opariak dortsaldunen artean zozketatuz.

Akabailan,  Imanol Lukanbio gazteak manifestua irakurri zuen.

 

 

Manifestua

Euskararen arnasgune omen dira Bortziriak.

Bereziki erraz hartzen omen du arnasa euskarak Arantzan. Nafarroako herririk euskaldunetakoa, Euskal Herri osokoa, Europakoa… eta agian mundu zabaleko herririk euskaldunenetakoa ere bai, zergatik ez.

Gaurkoan, egia esan, arnasgune baino, itogune izan da lasterketan parte hartu dugunontzat.

Baina, zergatik da gaur egun, 2015eko azaroaren 28an, Arantza arnasgune?

Ez da Eguzkialdeko baserriengatik, ez Bordalarreko behi eta ardiengatik, ez Aientsako errekengatik, ez Azkilarreko larre aski ederrengatik.

Baina ezta Goiko Karrikako ostatuengatik, ezta eskolako horma eta teilatuarengatik, ezta Herriko Etxeko mahai eta aulkiengatik ere.

Guri esker da Arantza euskararen arnasgune, herritarrongatik, bertan bizi garenongatik; guk ematen dio arnasa euskarari, guri esker bizi da eroso.

Hemen jaio eta euskaraz bizi denari esker, kanpotik etorri eta euskaraz bizitzen segitu duenari esker; hona etorri eta euskaldundu denari esker; hona etorri, euskaldundu, eta orain euskaraz bizi denari esker. Ume, gazte, ez-hain-gazte eta edadetuei esker. Langileei, ikasleei, zoritxarrez langabezian gaudenoi esker. Erretiroa hartuta daudenak ahantzi gabe.

Aurrera ez egitea atzera egitea omen da. Beraz, gaur Arantzan barrena egin dugun bezala, segi dezagun bai Arantzan, bai Bortzirietako bertze lau herrietan, urratsak ematen.

Erlazionatuak

Imanol Lukanbio-manifestua

Xorroxin irratia 2015 aza 30 Bortziriak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun