Elkarretaratzea deitu dute Urdazubin lan istripuarengatik protesta egiteko

Ttipi-Ttapa 2015ko aza. 27a, 15:05
Azaroaren 25eko istripuko biktimei elkartasuna adierazi nahi diete elkarretaratzean. Argazkia: Intervideo (Francisco Varela)

Azaroaren 28an, larunbatean 13:30ean eginen da Herriko Etxearen aitzinean

Urdazubi Elgarrekin Hautes Elkarteak, bertze kolektiboekin batera, elkarretaratze bat deitu du azaroaren 28an, larunbat arratsaldeko 1:30ean Urdazubiko Herriko Etxearen aitzinean, Dantxarineko obra batean azaroaren 25eko gertakariaren ondorioz suertaturiko biktimekin elkartasuna adierazteko. Senide, lagun eta lankideei elkartasuna eta babesa erakutsi nahi diete, lelo honekin: Lan istripu gehiagorik ez! Egia jakin nahi dugu.

 

Elkarretaratzearen bertze arrazoinetako bat, Urdazubi Elgarrekin taldeko Iñigo Imaz zinegotziak aipatu duenez, «langileen eskubideak defendatzea da, Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpenaren ondorioz ezeztaturiko lizentziaren ondorioz, lanak ez gelditu izana salatzearekin batera».

Lanak ez gelditzeko asmoa adierazi du alkateak, lizentzia bertan behera gelditu arren, eta jarrera hori oso larria dela uste du Urdazubi Elgarrekin taldeak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun