Leitza eta inguruetan gertatutako heriotza bortitzen berri jaso du Patziku Perurenak

Ttipi-Ttapa 2015ko aza. 26a, 07:05
Patziku Perurenak Leitza eta Goizueta aldeko heriotza bortitzen kronika bildu du azken liburuan.

‘Hilen xarma’ liburua aurkeztu berri du Goizuetan jaio eta Leitzan bizi den idazleak

Azken 300 urte inguruan, Leitza eta inguruetan gertatu diren heriotza bortitzen berri jaso du Patziku Perurenak, bilketa historiko eta etnografiko handi baten bitartez, Elkar argitaletxearen eskutik argitara eman duen Hilen xarma bere azken liburuan: batetik, udal, epaitegi eta elizetako artxiboak arakatu ditu; bestetik, herriaren memoria jaso, zaharrekin konfidantzan izandako solasaldi luzeen bitartez. Horrela osatu du bilketa mardul eta harrigarri hau, ahozko euskararen kolore eta zaporez ondua. 

 

Goizuetan jaiotako egileak tokiko adinekoen oroimena eta garaiko artxiboak baliatu ditu zeregin horretarako eta, ziurtatu duenez, heriotzen gertakariak kontatzeaz batera garaiko gizartea ere irudikatzen da argitalpen honetan. «Nire inguruan, heriotza bortitzak izan diren lekuetan gurutzeak daude eta nik galdetu egiten nien adinekoei, dibertimenduz. Liburu bat argitaratzean beti egon behar delako dibertimendua, hori iruditzen zait inportantea dela irakurlea ere dibertitu dadin», azaldu zuen liburuaren aurkezpenean.

Kontakizun gehienak 1986 eta 1996. urteen artean bildu zituen Perurenak eta nagusiki bizileku duen Leitzako kontuak jaso baditu ere, Goizueta, Areso eta inguruko beste herrietako heriotzen kronikak ere aurki daitezke liburuan.

Informazio iturri izan dituen adinezkoez gainera, garaiko erregistroetara ere jo du Perurenak eta ikerketa etnografiko itxurako liburua osatu du. Hala, heriotza bakoitzaren gainean adineko jendeak oroitzen duena eta kontakizunei egiazkotasuna ematen dion materiala bildu du. Patzikuren hitzetan, gertakari horiez aurkitu dituen erreferentzietan denetariko informazioa ematen da: «Ez da pertsona bat hil dela eta nola hil den esaten soilik. Artxiboan, ohartu nintzen heriotza liburuan azaltzen zela baserriaren izena, inguruko jendearen erreferentziak... Gizartearen berri ematen duten zertzeladak ere ageri ziren eta horiek ere jaso ditut liburuan», aipatu zuen.

Perurenaren hitzetan, liburuan «hiztun sentzilloek» esateko duten hori biltzen ahalegindu da eta, horregatik, adinekoek kontatutako pasarteak tokiko euskaran transkribatu ditu. Azaldu zuenez, zeregin honen bidez “herri literatura” egin nahi izan du, «egungo merkatuan dagoen literatura burgesarekiko ezberdina».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun