Bortzirietako Euskaraz bizi nahi dut lasterketa azaroaren 28an eginen dute Arantzan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko aza. 26a, 07:00
Joan den urtean Igantzin egin zen Bortzirietako Euskaraz Bizi Nahi Dut lasterketa. Aurten, Arantzak hartuko du lekukoa.

Bezperan, solasaldia eskainiko du Jakoba Errekondok

Arantzako Euskara batzordea guztia prest du larunbat honetarako. Bortzirietako Euskaraz Bizi Nahi Dut lasterketa herrietan txandaka egiten da eta aurtengoan, Arantzako karrikak eta inguruak hartuko ditu. Bi lasterketa herrikoi prestatu dituzte, euskara eta kirola uztartzea helburu duen ekimen honek. 

 

Goizeko 11etan, izena emateko tartea irekiko da plazan. 11:15ean, Ana Larretxeak gidatuko ditu parte-hartzaileen beroketa-ariketak, lasterketan ez dadin ezusteko lesiorik izan. Bi lasterketa mota antolatu dituzte Arantzan. Lehenengoan, herrikoi edo parte-hartzailean, lasai ederrean eginen dituzte korrikalariek plazatik Larreta auzora joan-etorrian dauden 1.200 metro inguruak, ume zein heldu, lasterka nahiz oinez, inongo presiorik gabe. Segidan, 4,4 kilometro luzeko ibilbide malkartsuari aurre egin beharko diote kirolari lehiakorragoek, Azkilarrea auzorako joan etorrian. Horrela, akabaila jendetsua emanen zaio ekimenari, lasterketa batean zein bertzean dabiltzanak bidean elkartuko baitira.

Lasterketaren ondotik indarrak hartzeko, guraso elkarteak prestaturiko hamaiketakoa izanen da parte hartzaile guztientzat.

Izen-ematea egun berean egin beharko da. Lasterketa ttikian parte hartu behar dutenek, euro bat ordaindu beharko dute eta bertze lasterkaldi luzeagoa egin nahi dutenek, berriz, hiru euro. Euskaraz bizi nahi dut materiala eta kamisetak ere salgai izanen dira. Gainera, lasterketako dortsalen zenbakiekin opariak zozketatuko dituzte.

Arantzako Euskara Batzordeak antolatu du aurtengo lasterketa. Hala ere, herriko eragile desberdinek ere lagundu dute, modu batera edo bestera: Gazte Asanbladak, Ekaitza elkarteak eta eskolako guraso elkarteak. Hain zuzen azken hauek ostatu txikia muntatuko dute Herriko Plazan, lasterketa amaitu ondoren denei otamena eskaintzeko; tortila pintxo eta edariak ez dira faltako.  Ondoren, parte-hartzaileen dortsal zenbakiak probestuz, hamaika opari zozkatuko dira. Bortzirietako Euskara Mankomunitateko lehendakari ohi Ander Almandozek eginen ditu aurkezle eta dinamizatzaile lanak goiz osoan.

 

Bezperan, Jakoba Errekondoren solasaldia

Jakoba Errekondo ere Arantzan ere izanen da ortziralean. Aspalditik entzuten dugu Euskadi Irratian solasten, baratze kontuei buruz normalean. Hitzaldia emanen du, baina ikus-entzuleen galderei luze eta zabal erantzuteko gogoz etorriko da. Aurten argitaratu duen “Bizi baratzea” liburu arrakastatsua izanen du hizpide, usurbildarra are mediatikoago bilakatu duena. Baskulan izanen da hitzaldia, arratsaldeko 7etatik aitzinera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun