Lesakako Zahar Etxeko lan hitzarmena ez dela betetzen salatzeko elkarretaratzea egin zen azaroaren 19an

Ttipi-Ttapa 2015ko aza. 20a, 12:24
Zahar Etxean lan baldintza duinak eskatuz elkarretaratzea egin zuten ortzegun arratsaldean Lesakako plazan.

Patronatuko presidente ere baden alkateak dio Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte ezin dela indarrean jarri hitzarmena

Lesakako Andra Mari Zahar Etxeko Patronatuak, Jose Luis Etxegarai alkatea lehendakari duela, ez du aurreko Patronatuarekin adostu eta lan baldintzak aunitz hobetzen zituen Lan Hitzarmena bete nahi. Horrela salatu du LABek eta sindikatuak deituta kontzentrazioa egin zuten azaroaren 19an, ortzegun arratsaldean Plaza Zaharrean.

 

2013ko Abenduaren 6an Lan Hitzarmen bat negoziatzeko hasi zuten negoziaketa 2015eko apirilaren 23an bukatu zela jakinarazi du LAB sindikatuak, eta langileen lan baldintzak nabarmen hobetzen zirela. Baina  sindikatuak salatu duenez, «Patronatu berria osatu eta hartu duten erabakia Lan Hitzarmena ez aplikatzea da». Gainera, LABek gogoratu duenez, «aurreko udalak 30.000 euro bermatu zituen langileen lan baldintzak hobetzeko, eta gaur egun gauden egoeran ez dakigu diru hori nora bideratuko den, diru hori aplikatzen ari ez diren lan hitzarmenerako erreserbatuak zeuden eta».

Lesakako alkate den neurrian Patronatuko presidente den Jose Lus Etxegaraik, bere aldetik, adierazi du lan hitzarmena ez dela oraindik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu, «nahitaezko baldintza betetzen hasteko». Etxegarairen erranetan, «16 hilabetez negoziatu ondotik (badira hilabeteak), maiatzaren 1ean indarrean jar zitekeen hitzarmena, hori sinatu zuen lehengo alkatearekin, nik ekainaren 13an hartu bainuen alkatetza. Eta ez zen egin. Ez al du hitzarmen famatu honek arazo legalen bat izanen?». Afera honetaz solasteko Andra Mariko langilerik ere ez dela beregana zuzendu aipatu du Patronatuko presidenteak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun