Larunbat goizean, Harriondoa Kultur Etxeko atarian bildu ziren ikasle eta ikasle ohiek argazkia ateratzeko. Aitzinetik hamaiketakoa egin zuten eta ondotik ekitaldi berezia, dantza, musika eta bertsoak uztartuz. Oholtza gainera igotako guztiak bertso eskolako ikasle edo ikasle ohiak izan ziren. Honela, Estitxu Fernandezek gidatu zuen saioan, hasierako agurra bertsotan bota zuten Eneko Fernandez, Josu Sanjurjo eta Erika Lagomak. Ondotik, Iñigo Olaetxeak. Musika doinuak Gaizka Sarasola artistak hedatu zituen, bakarka batzuetan, txirula eta bertze haize eta perkusio tresnak erabilita eta bertzetan, Ibon Txoperena edo txistulari taldeko kideak lagun zituela. Iñigo Olaetxea eta Estitxu Fernandez bertso klasikoak kantari zituztela, bertso eskolakoak ez ezik Tantirudantza taldeko dantzariak diren neska batzuk ere dantza bereziak taularatu zituzten. Bideoren bidez, A Laman preso dagoen Mikel San Sebastianen bertsoa ere aditu zen eta hor hasi zen Manolo Arozena eta Bittor Elizagoien omentzeko bertze bideo hunkigarri bat ere. Hain zuzen, bertso eskolako ikasle eta ikasle ohiek, lagunek eta senideek ez ezik, Julio Soto, Aimar Karrika, Maialen Lujanbio, Imanol Murua, Igor Elortza, Unai Iturriaga eta bertze zenbait bertsolarik eta Nafarroako nahiz Euskal Herriko Bertsozale elkarteko kideek egindako koplak biltzen zituen bideoak, honako errepika honekin: Bittor Manolo, Manolo Bittor, a ze nolako parea! Zuek bide bat hasi zenuten, bukaerarik gabea.Ikusi bideoa
Arozena eta Elizagoien oholtzara igo ziren hunkituak eta eskerrak eman zizkieten mende laurdena ospatzea posible egin duten ikasle guztiei. Gero, gaur egun Bortzirietako Bertso Eskolako presidente den Iban Garro eta honen alabak, bertso eskolako ttikien taldean ari den Ainhize Garrok, oroigarria eman zieten bi omenduei. Ondotik, bertso eskolako kideek, Julen Zelaietak 25 urteurrenaren karietara Baztan-Bidasoaldeko bertsopapar lehiaketara aurkeztu eta garaile suertatutako ‘25 udazken’ bertso-xorta kantatu zuten.
Herriko ekitaldiaren ondotik, 80 bat lagun bildu ziren Nabaz auzoko Linddurrenborda sagardotegian egin zen bazkarian. Han ere bertze ezusteko bat zuten esperoan Bittor Elizagoienek eta Manolo Arozenak, sagardotegiko nagusi eta bertsolagun den Juan Mari Lopezek, bi bertsolarien izen eta argazkiekin “bataiatua” baitzuen sagardo-kupela. Bazkalondoan ere giro bikaina izan zen. Egoitz Zelaieta beratarrak espreski Estatu Batuetatik bidalitako bertsoak kantatu zituen Julen Zelaietak. Beñat Mitxelenaren akordeoi doinuak hedatu zituen eta karaokeaz kantatzeko eta dantzatzeko aukera ere izan zuten bertsozaleek.