Kotto Altzugurenen heriotzaren 10. Urtemuga gogoratzeko mozioa onartu du Berako Udalak

Ttipi-Ttapa 2015ko urr. 23a, 09:32
Berako udal batzarra. Hamake zinegotzietatik hamarrek bat egin dute mozioarekin.

Bi legealditan zinegotzi izandakoa duela hamar urte hil zen espetxean zegoela

Kotto Altzugurenen heriotzaren 10. Urteurrena gogoratzeko zenbait ekitaldi antolatu dituzte urria eta azaroa lotzen dituen astebururako. Berako Udalak, egitarau zabalari atxikimendua adierazteaz gain, mozioa ere onartu zuen, EH Bildu eta Herrirako taldeetako zinegotzien aldeko bozarekin eta UPNkoaren abstentzioarekin. 

 

Mozioak gogoratzen duenez, «20 urterekin zinegotzi aukeratu zuten Kotto eta bi legegintzaldiz aritu zen Berako Udaletxean lanean. Kultura, kirola, euskara, mendia eta ingurugiroari lotutako gaiak zituen gustokoen eta udaletxetik bultzada ederra eman zien hauei»

Hamar urte bete dira «arrazoi politikoak direla eta bigarren aldiz espetxeratua izan ondotik, bere ziegan bakarrik, isolatua eta behar zuen mediku arretarik gabe zegoela, bere kondenaren 3/4ak beterik izaki, hilik harrapatu zutela». Berako Udalaren agiriak dioenez, egoera politikoa aski aldatu da azken urteetan, baina estatuaren indarkeriak bere horretan dirau. Egoera hau ikusirik, Berako Udalek bere konpromisoa berretsi du bake eta normalizazio bidean beharrezko diren pausoak bultzatzeko. Horretarako zenbait neurri proposatu ditu, hala nola «euskal preso politikoek bizi duten salbuespen egoera behin-betiko bukatzea, eta dituzten eskubideak errespetatu daitezela. Sakabanaketa politikaren behin-betirako amaiera beharrezkoa da». Prozesua oztopatzea bertze helbururik ez duten erasoak amaitu daitezela ere eskatu du, «atxiloketek konponbidea saihestu bertzetik ez baitute egiten, eta horrek ondorio hagitz larriak ditu gure herriarentzat». Modu berean, etorkizuneko elkarbizitzaren mesedetan, udalarentzat beharrezkoa da «gatazkaren beroan gertatu diren eskubide urraketa guzien balantzea egitea, salbuespenik gabe. Soilik ETAren ekintzak aintzat hartzen dituzten kontakizun partzialek ez diote inolako mesederik egiten herri honi. Argazki osoa izan eta ikusi ahal izatea ezinbertzekoa da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun