Audientzia datu bikainak dituzte Ttipi-Ttapa aldizkariak eta Xorroxin Irratiak

Ttipi-Ttapa 2015ko urr. 15a, 12:07
Ttipi-Ttaparen irakurleen %82aren lehen hizkuntza euskara da, baina %56ak errazago irakurtzen du gaztelaniaz.

Eusko Jaurlaritzak egindako inkestaren arabera, 12.000 lagunek irakurria zuten hamabostekariaren azken alea eta 6.680 entzule ditu Xorroxinek

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak euskarazko hedabideen azterketa egin du 2015eko urtarril eta uztail bitartean. Euskarazko egunkariak, aldizkariak (tokikoak, izaera orokorrekoak eta espezializatuak), irratiak eta telebistak aztertu dira. Azterketaren arabera, Ttipi-Ttapa aldizkaria Euskal Herri osoko bigarren aldizkari irakurriena da, Arrasate eta inguruan banatzen den Goienaren ondotik. Xorroxin Irratik 6.680 entzule ditu eta 4.500 lagunek baino gehiagok egunero aditzen dute.

Eusko Jaurlaritzaren azterketaren helburu nagusia euskarazko hedabideak zenbatek kontsumitzen dituen jakitea izan da, eta horrekin batera, kontsumitzaile horien ezaugarri nagusiak ezagutzea. Guztira 8.109 inkesta egin dira, horietatik 1.000 Nafarroako eremu euskaldun eta mistoan eta Saran eta Senperen. Audientziak neurtzeko, elkarrizketatuak atzo zer ikusi, entzun edo irakurri zuten jasotzen dute. Horren arabera, 11.997 irakurlek aipatu zuten Ttipi-Ttaparen azken alea irakurri zutela. Euskal Herri osoko tokiko aldizkarien artean, Arrasate aldean argitaratzen den Goiena da irakurriena (18.102 irakurle) eta horren ondotik dago Ttipi-Ttapa. Durangaldeko Anboto aldizkariaren azken alea 11.047 pertsonek irakurri zuten eta Eibarko Eta Kitto! Aldizkaria 7.379 pertsonek.

Ttipi-Ttapako irakurle gehienek (%66), 15-30 minutu ematen ditu aldizkaria irakurtzen. Irakurleen sexuari dagokienez, erdi eta erdi dira gizasemeak eta emakumeak eta irakurleen %41a 50 urte edo gehiagokoak dira. Ttipi-Ttaparen irakurleen %82aren lehen hizkuntza euskara da, %6arena euskara eta gaztelania eta %12arena, ordea, gaztelania. Hizkuntza batean ala bertzean irakurtzeko gaitasunari buruz gakdetzean, Ttipi-Ttaparen irakurleen %18k erantzun du errazago irakurtzen duela euskaraz, %26ak erraztasun bera duela hizkuntza batean zein bertzean eta %56ak errazago irakurtzen duela gaztelaniaz.

 

Xorroxin Irratiaren datuak

Tokiko irratiei dagokienez, irizpide bera erabili zen ikerketan datua emateko, hau da, irratia atzo entzun zutenen kopurua. Horren arabera, Xorroxin Irratiak 2.760 entzule izan zituen bezperan. Eusko Jaurlaritzaren ikerketaren arabera Arrate Irratia da entzule gehien dituen tokiko irratia (10.943), Bizkaia Irratiak 7.253 ditu, Euskalerria Irratiak 5.362 eta Segura Irratiak 2.932. Hortaz, bosgarren adituena da Xorroxin Irratia. Gainerako irratiek 1.300 entzule baino gutxiago dituzte.

Dena den, maiztasuna kontuan hartuz Xorroxin Irratia egunero edo astean 3 edo lau aldiz entzuten dutenak 4.579 lagun dira eta astean behin edo bitan edo noizean behin aditzen dutenak 2.101. Beraz, denera 6.680 entzule izanen lituzke. Hortaz, Xorroxin entzule potentzial eta entzule errealen arteko portzentaiarik handiena duen irratia da, Bizkaia, Arrate edo Euskalerria Irratiek, aunitz eremu geografiko handiagora eta entzule kopuru handiagora heltzeko modua baitute.

Xorroxin Irratiko entzuleen %40ak ordu erdi edo gutxiago entzuten dute; %25ak ordubete eta %35ak bi ordu edo gehiago. Entzule gehixeago emakumeak dira (%54) eta entzuke gehienak 50 urtetik goitikoak dira (%46), baina 35-49 urte bitarteko entzuleen ehunekoa ere nahi handia da (%35).

Xorroxin Irratiaren entzuleen %86aren lehen hizkuntza euskara da, %4arena euskara eta gaztelania eta %10arena, ordea, gaztelania. Euskaraz hitz egiteko erraztasunari dagokionez, %56ak aitortu du erraztasun handiagoa duela euskaraz egiteko gaztelaniaz baino, %29k euskaraz gaztelaniaz bezala moldatzen dela eta %15ek gaztelaniaz erraztasun handiagoa duela.

 

Karrape Irratia

Leitzako Karrape Irratiari dagokionez, bezperan 197 entzule izan zituen, azterketaren arabera. Egunero edo astean hiruzpalau aldiz entzuten duten 487 entzule ditu eta astean behin edo bitan edo noizbehinka aditzen duten 39 entzule, 526 denera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun