Ibardin Longboard Fest eginen dute hirugarren urtez Beran

Ttipi-Ttapa 2015ko urr. 9a, 07:51
Patin jautsiera ikusgarriak ikusteko aukera izanen da larunbat eta igandean Ibardinen.

Maila guztietako patin gidariak bilduko dira ortziraletik igandera

Maila guztietako patin gidariak bilduko dituen Ibarding Long Fest eginen da urriaren 9tik 11ra Beran. Hainbat ekitaldi antolatu dituzte Beran eta Ibardin, patinean hasi nahi dutenentzako Longboard Schooletik hasi eta abiadura eta konpetizioa maite dutenentzako The King of the Hill lasterketarekin bukatzeko.

 

Ekitaldiak urriaren 9an hasiko dira, ortziral arratsaldeko 4etatik 8etara Longboard-skate eskola eskainiko baita kiroldegiaren parean, 8 urtetik goitikoentzat.

Urriaren 10ean, larunbat goizeko 8:30etik 10etara bilduko dira patin gidariak edo riderrak irteera  puntuan. 10:00etatik 14:00etara jautsiera libreak hasiko dira eta partehartzaileek, antolaketak jarriko duen karpan bazkaltzeko aukera izanen dute. 600 metro inguruko zirkuitua osatuko dute Ibardinen, Uxaneko saihesbidean, banaz bertzeko %10eko maldarekin.

15:30etik 18:00etara puntuazio txandak hasiko dira eta sailkapenaren arabera puntuak banatuko zaizkie partehartzaileei. Freeridekoak 18:00etatik aitzinera eginen dute.

Igandean, 08:30etik 10:00etara gosaldu ondotik, Freerideko jautsiera libreak eginen dituzte 10:00etatik 13:00etara eta 14:30etik 15:30era. Larunbatean puntuaziorik onena lortu duten 32 riderrek finaletako txandak eginen dituzte igande arratsaldeko 3:30etik 6etara. Txanda bakoitzean lau rider ariko dira eta bi lehenbizikoek lortuko dute hurrengo txandara pasatzea, txandaz txanda finalera ailegatu  eta 2015eko King of the hill sarirako borrokatu arte. Ondotik sari banaketa eginen da.

Open kategoriako irabazleak 200 euro eskuratuko ditu, eta emakume, junior eta beteranoen kategorietan 100 euro izanen dira irabazleendako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun