Agenda ekimena abian jartzeko asmoa du Doneztebeko Udalak

Ttipi-Ttapa 2015ko urr. 6a, 07:48

Urriaren 8an proiektu honen berri emanen zaio herriko  talde eragileei eta herritarrei

Agenda ekimena abian jartzeko asmoa du Doneztebeko Udalak. Aurkezpena urriaren 8an, ortzegun arratsaldeko 8etan Erakusketa Aretoan eginen da. Herrian orain arte antolatutako ekitaldi ezberdinak koordinatu eta indartzeko asmoa abiapuntu izanda, Doneztebeko Udalak agenda ekimenaren aurkezpena antolatu du. 

Kultur taldeak, kirol taldeak, komertziante taldeak, guraso elkarteak, gazte taldeak… deitu ditu udalak hitzordu horretara. Agendaren nondik norakoa aurkeztuko da eta norbanako eta talde guztien ekarpenak jasoko ditu udalak. Ondoren, hilabeteko plangintza adostu eta koordinatuko da. Agenda barrenean zinea, kirol jarduerak, feriak, ospakizunak, antzerkiak, bertso emanaldiak, musika emanaldiak,  ipuin kontaketak, ikastaroak… bilduko dira. Agenda zabaltzeko eta herritarrengana ailegatzeko sare sozialaz gain, kartelak baita esku-paperak edo biorrikoak prestatuko dira, hilabetero etxe guztietara ailegatzeko.

 

Udala sare sozialetan

Herritarrekiko hurbiltasuna areagotu nahian eta Herriko Etxearen jardueraren gardentasuna bultzatzeko asmotan udalak sare sozialetako presentzia indartu du. Facebooken: http://m.facebook.com/doneztebekoudala. Twitter: @doneztebeudala. Gmail: doneztebekoudala@gmail.com. Horretaz gain, udalak duen web orrian hobekuntzak egiten ari dira eraginkorrago eta dinamikoagoa egiteko. Epe motzean .eus dominiora ere aldatuko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun