Iker Vicente gazteak irabazi du Nafarroako aizkolari txapelketa

Ttipi-Ttapa 2015ko urr. 5a, 10:14
Iker Vicentek Nazabalen eskutik jaso zuen txapela, nolabait Nafarroako aizkolaritzaren lekuko aldatzea irudikatuz.

18 urterekin, sekula txapelketa nagusia irabazi duen aizkolari gazteena da Otsagikoa 

Otsagiko Iker Vicente Saralegi gazteak irabazi du Nafarroako I. Mailako Aizkora Txapelketa. Finala urriaren 4an jokatu zen Etxarri Aranatzen eta Vicentek ezustea eman zuen Floren Nazabal menperatuta. 18 urte bertzerik ez ditu Iker Vicentek eta Nafarroako txapelketa nagusia irabazi duen aizkolari gazteena da. Aunitzek, Mikel Mindegia, Donato Larretxea eta Floren Nazabal beraren ondorengoa ikusten du Iker Vicente.

Aizkolari bakoitzak lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko moztu behar izan zituen Etxarrin. Hasieran, Nazabal aitzinetik ibili zen, nahiz eta 60 ontzako bigarrena, Vicentek 11 segundo aitzinetik moztu. Halere, berriz ere aurrea hartu zuen Etxarrikoak, baina zortzigarren enborra korapilatu zitzaion eta hamargarren txapela janztea eragotzi zion. Vicentek, berriz, hasieratik jarri zuen erritmoari eutsi eta ezustea emateko gai izan zen.

Floren Nazabalek erran zuenez, egurra oso txarra zen eta bizkarreko arazoekin segitzen du: «Horrela ezin dut segitu, muga-mugan ibili naiz eta hemen bukatzen da historia». Joan den urtean bezala, aurten ere Euskal Herriko txapelketako finalean ez duela parte hartuko iragarri zuen etxarriarrak. Hortaz, kanporaketan zazpigarren izan zen Jon Rekondo leitzarrak hartuko du bere lekua urriaren 12an Basaurin jokatuko den finalean.

 

Emaitzak:

Txapelduna: Iker Vicente (Otsagi) 30:17.30

Bigarrena: Floren Nazabal (Etxarri Aranatz) 31:56.81

Hirugarrena: Juan Jose Lopez (Lezaun) 33:32.34

Laugarrena: Jon Rekondo (Leitza) 34:33.45

Bosgarrena: Ruben Saralegi (Leitza) 35:22.92

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun