Nafarroako buruz buruko sub-22 pilota txapelketa irabazi du Jon Olaizola lesakarrak

Ttipi-Ttapa 2015ko urr. 5a, 07:41
Jon Olaizola, Nafarroako 22 urtez beheitiko buruz buruko txapeldunaren sariak jasotzen larunbatean Labriten.

Larunbatean Labriten jokatutako finalean 18-3 irabazi zion Errekako Medinari

Jon Olaizola pilotari lesakarrak irabazi du Nafarroako buruz buruko esku pilota txapelketa, 22 urtez beheitiko kategorian. Urriaren 3an jokatu zen finala Iruñeko Labrit pilotalekuan eta lesakarrak 18-3 irabazi zion Errekako Medinari.

 

Ongi ekin zion partidari Olaizolak, bi tanto sakez egin baitzituen eta hurrengo biak dejadaz (4-0). Ezker hormara itsatsitako pilota batekin egin zuen lehen tantoa (4-1), baina hurrengo zortziak segidan egin zituen lesakarrak, alde nabarmena ateraz (12-1). Sakez egindako faltarekin eten zen Olaizolaren bolada, (12-2), eta bi pilotariek tanto bana egin ondotik (13-3), azkeneko bortzak berriz ere lesakarrak egin zituen, txapela janzteko. Denera, sakez 9 tanto egin zituen Jon Olaizolak.

 

Kadetetan Oberenako Unai Mata

Jaialdi berean, Nafarroaki Kirol Jokoetako kadete mailako finala jokatu zuten Oberenako Unai Matak eta Esteribarko Ander Beteluk. Matak 18-3 irabazi zuen.

Bertze aldetik, Nafarroako Kirol Jokoetako jubenil mailako finalerdiak jokatu ziren eta eskualdeko bi pilotarik lortu zuten finalerako txartela. Lehen finalerdian, Errekako Iker Salaberria goizuetarrak 18-2 irabazi zion Gaskue taldekideari. Bertze finalerdia berdinduagoa joan zen, baina halere, Zugarraldeko Enaitz Antso oronoztarrak 18-9 irabzi zion Oberenako Garciari.

Beraz, Iker Salaberria eta Enaitz Antso aurrez aurre izanen dira finalean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun