Baztan-Bidasoko XXIII. Ehiza Jardunaldi Gastronomikoetan eskualdeko zortzi jatetxek parte hartuko dute

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko urr. 1a, 13:02
Ehizari buruzko jardunaldi gastronomikoen aurkezena egin zuten Urdazubiko Montxo jatetxean.

Urriaren 31tik azaroaren 29ra izanen dira eta aurten lehen aldiz, argazki lehiaketa ere antolatu dute

Baztan-Bidasoa Turismoak antolatzen dituen ehiza jardunaldi gastronomikoak aurten urriaren 31n hasi eta azaroaren 29ra eginen dituzte. Hala jakinarazi zuten irailaren 30ean Urdazubiko Montxo jatetxean egindako agerraldian. Zortzi jatetxek hartuko dute parte: Bortzirietan, Arantzako Aterpe eta Igantziko La Villa; Malerrekan, Donamariako Benta; Baztanen, Arizkungo Ordoki, Elbeteko Posada, Iruritako Olari eta Oronoz-Mugairiko Argain eta Urdazubin Montxo jatetxea.

 

Jardunaldi Gastronomikoen aurkezpenean, Mari Joxe Iparragirre (Baztan-Bidasoa Turismoa elkargoaren ordezkaria), Carlos Lezeaga (Pirineos Exdim enpresakoa), Iciar Mikelperizena (margolaria), Ruben Garate (Iruritako Olari jatetxea), Belen Urrutia (Elbeteko Posada) eta Lorea Luzuriaga (Donamariako Benta) izan ziren.

Ehiza plater hauetan uso klasikoaz gain, birgarroak, faisaiak, basahate galeperrak, eperrak, orkatza, basurde eta oreina dastatzeko aukera izanen da, gure gastronomiako osagai ospetsuez lagundurik: onddoak, lekak, piperrak… eta bukatzeko, eskualdeko esneki tipikoak eta beste postre zoragarriak ere.

Ardo nafarrak plater hauen osagarri onak dira. Aurten ere, Iñurrieta bodega nafarrek, Pirineos Exdim-ekin batera jardunaldi hauetan laguntzen dute, Nafarroako Gobernuarekin batera.

Baztan-Bidasoa Turismoak kartel bat eta jatetxe guztiak biltzen dituen eskuorri bat argitaratu ditu. Eskuorri hauek, jatetxeetan eta informazio turistiko puntuetan eskuragarri egonen dira baita www.baztan-bidasoa.com web orrian eta sare sozialetan. Urriaren erdialdera meni guztiak biltzen dituen eskuorria argitaratuko du elkargoak. Material grafiko honetarako urtero bezala, eskualdeko margolari baten margolana agertzen da. Oraingoan, Iciar Mikelperizenaren “La angustia del faisan” kuadroa agertzen da.

 

Argazki lehiaketa lehen aldiz

Aurten Ehiza Jardunaldiko argazki lehiaketa antolatu da lehen aldiz. Parte hartu nahi duenak, jatetxe hauetakoren batera hurbildu, menua eskatu eta dastatuko duen platerei argazkiak atera eta info@baztan-bidasoa.com helbidera bidali beharko ditu. Irabazleak Baztan-Bidasoko jatetxeren batean 2 pertsonentzako bazkaria dastatzeko aukera izanen du. Lehiaketaren oinarriak jatetxeetan eskuragarri izanen dira.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun