Nafarroako lehen mailako aizkora txapelketaren finalean ez da Donato Larretxea izanen

Ttipi-Ttapa 2015ko ira. 21a, 12:43
Urriaren 4an Etxarri Aranatzen jokatuko den Nafarroako lehen mailako aizkora txapelketaren finalean lehiatuko den boskotea. Donato Larretxeak ez zuen sailkatzerik izan.

Urriaren 4an Etxarri Aranatzen jokatuko bigarren mailako arpana txapelketa irabzi dute Anizko Andoni Irigoien eta Iruritako Guillermo Etxenikek

Nafarroako lehen mailako aizkora txapelketaren kanporaketa jokatu dute igandean Uharteko Toki-Alai pilotalekuan. Bederatzi aizkolari aritu dira lehian, Ander Erasun aurtiztarrak  ezin izan baitu parte hartu. Bortz lehenbizikoek urriaren 4an Etxarri Aranatzen jokatuko den finalerako txartela lortu dute: Floren Nazabal, Iker Vicente, Juan Jose Lopez eta Jon Rekondo eta Ruben Saralegi leitzarrek lortu dute txartela.

Ezusterik handiena, beharbada, Donato Larretxea finaletik kanpo gelditzea izan da, seigarren izan baitzen. Bezperan, Herrialdeen arteko herri kirol txapelketan parte hartu zuen Elizondon eta beharbada horrek indarrak kendu zizkion. Julen Lañamares zazpigarren izan zen, Mieltxo Mindegia zubietarra zortzigarren eta Oihan Larretxea beratarra bederatzigarren. Beraz, hasiera batean Mindegiak eta Larretxea gazteak maila galduko dute. Dena den, Mieltxo Mindegiak Ander Erasunen aurkako jautsiera kanporaketa eskatzeko aukera izanen du.

Bortz enbor moztu zituzten: Bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat. Denborarik onena Nazabalek egin zuen (14:33), bigarrena Vicentek (15:27), hirugarrena Lopezek (15:41), laugarrena Rekondok (16:03) eta bosgarrena Saralegik (16:26)

 

Nafarroako bigarren mailako arpana txapelketa Baztanera

Aizkora kanporaketaz gain, Nafarroako bigarren mailako arpana txapelketa ere jokatu da igandean Uharteko jaialdian.

Lau bikotek hartu dute parte: Josu Zuñiga (Txantrea) eta Lander Landiribar (Amaiur); Raul Maiza eta Jose Luis Cano (Berriozar); Andoni Irigoien (Aniz) eta Guillermo Etxenike (Irurita) eta Ekaitz Maritorena (Berroeta) eta Eneko Irigoien (Aniz). Bikote bakoitzak etzanda jarritako 45 ontzako enborrean 10 epai eta zutik jarritako 45 ontzako enborrean lau epai egin zituen. Andoni Irigoin eta Guillermo Etxenike suertatu ziren txapeldun eta hortaz, lehen mailara igoko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun