Euriari aurre eginez giro polita izan da Bittiriko bestetan

Ttipi-Ttapa 2015ko ira. 14a, 10:09
Erraldoi eta buruhandiek kalejira egin zuten larunbat goizean, gaiteroen doinupean.

Lehiaketara zortzi tortilla aurkeztu ziren eta herri kirol desafioa bertan behera gelditu zen

Eguraldiak laguntza handiegirik eskaini ez badu ere, giro polita izan da Lesakako Bittiria auzoko bestetan. Ortziral arratsean bota zen txupinazoa eta igande arratsaldera bitarte hainbat ekitaldi gauzatu dituzte, nahiz eta bakarren bat euriak zapuztu duen.

 

Ortziral arratseko txupinazoaren ondotik, Estitxu Elgorriagak gidatutako trikitilari eta panderojole taldea ibili zen kalejiran. Bien bitartean, tortilla lehiaketara zortzi aurkeztu zituzten eta horien artean, Montse Fontan eta Libe Igoa ama-alabena suertatu zen garaile. Txamukos mariatxi taldearen emanaldia ere bikaina izan zen.

Larunbat goizean, erraldoi eta buruhandien konpartsak egin zuen bere ibilbidea, baina Bittiriko plazan egin behar zen herri kirol apustu sorpresa bertan behera utzi behar izan zuten.

Igandean, haurrentzako jokoak, mus txapelketa eta magia ikuskizunak izan ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun