Irailaren 4tik 7ra bitarte ospatuko dira Arraiozko bestak

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko ira. 2a, 14:51
Artxiboko argazkia

Lau eguneko bestak antolatu dituzte Arraiozen, iraileko lehen astebururako. Ortziral eguerdiko altxaferoarekin hasi eta astelehen gauerdiko “Gaixoak gu” bitarte ekitaldiz ekitaldi ibiltzeko aukera izanen dute herritar nahiz bisitariek.

 

Ortziralean, irailak 4, 12:00etan botako duten altxaferoekin hasiko dituzte bestak. Segidan, txistu soinuak alaituko du herria. 12:30etik aitzinera haurrentzako tailerrak eta haurren bazkaria izanen dute. 15:00etan jokoetan ariko dira herriko ttikienak eta ondotik, txokolate beroaz gozatzeko aukera izanen dute. 19:00etatik 20:30etara dantzaldia izanen da Gabenara taldearen eskutik. 21:30ean, mutildantzak dantzatuta, Baztan zopak afalduko dituzte. 00:30etik aitzinera Patxuko nice taldearen kontzertua eta Gabenara taldearen dantzaldiarekin bukatuko dute eguna.

Larunbatean, irailaren 5ean, 10:00etako argi soinuekin irekiko dituzte begiak. 11:00etan herriko xaharrendako karta jokoak eta hamaiketakoa izanen da. 11:30ean ttikienak Mardeako labaderoan bilduko dira arrain harrapatzean aritzeko. Ordu berean, plater-tiroa ere izanen da. 14:30ean gazteek paellada izanen dute elizako gorapean. Arratsaldean, 17:00etan, Arizti elkarteko mahai inguruan bilduko dira, mus txapelketa jokatzeko. 18:00tan Paxaka, herritarren arteko desfioa, jokatuko da. 19:00etan herriko dantzari eta kantariek emanalditxoa eskainiko dute. Arratsaldez eta gauez Trikidantz taldearen eskutik dantzaldia izanen da, tartean gaita joleak eta DJ Julen aditzeko aukera izanen delarik.

Igandean, irailak 6, 10:00etako argi soinuekin hasiko dute eguna. Arratsaldean, 18:00etan, Arraioz taldeak Basaburuaren aurka, herri-kirolak jokatuko dituzte. 20:00etan Erramun Martikorena eta Joxe Anjelen kantaldiarekin emanen diote bukaera egunari.

Astelehena, irailak 7, izanen da hondar eguna. 12:00etan haurrendako kamiseta margotze tailerra izanen da. 12:30etan haurrek kross-ean parte-hartzeko aukera izanen dute. Arratsaldean, Hauspolariek eta trikitilariek alaitutako zikiro jatearen ondotik, aulki-dantza herrikoia izanen dute. 20:00etatik 00:00etako “Gaixoak gu” eta besten bukaeraraino, Hauspolariek taldea arduratuko da herria girotzeaz.

 

 

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun