Parte-hartze handiko Arantza Rock ospatu da

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko abu. 25a, 10:15
Hogei urteetako ibilbidea gogoratuz eta bi bertso kantatuz hasi zuten besta

“Mazionk haize” lelopean, 20.urtemugako kandelak itzali dituzte ehundaka lagunek abuztuaren 22ko Arantza Rock jaialdian.

 

Eguraldi txarrari aurpegi ona paratu eta gutti goiti-beheiti 1650 lagunek gozatu zituzten Arantza Rocken lehen edizioko kontzertuak; Baldin Bada, Sutagar eta EH Sukarra taldeek eskainitakoak, zehazki.

1955etik, Gazte Asanblada sortu eta lehendabizikoz Arantza Rock ospatu zenetik, 2015era bitarteko ibilbidea oroituz eta hogei urteetan egin den lan handia eskertzeko bi bertso kantatuz ekin zioten besta handiari.

Besta handiaren atzean, ordea, jende aunitz bildu zen antolatze-lanetarako. Denentzat izan da lana, bai aurretik, bai egunean bertan ere: boletoak eta kamisetak saltzen, kartelak zabaltzen, txosna, eszenatokia eta karpa montatzen, txosnatan turnoak egiten, sarrerak saltzen, bokatak egiten…

Aurtengoan, talde handiak izan direnez, gastuak ere goiti joan dira, “kontzertuak bakarrik 15.000euro inguru kosta dira, baina horrez gain bertze gasto aunitz izan dira; eguraldi txarra aurreikusia zenez, horri aurre egiteko karpa erraldoia, kamisetak, publizitatea, kartelak, komunak…” antolatzaileek erran digutenez. Hala ere, “jendeak aunitz kolaboratu du, kamisetak akabatu eta oraindik jendea eskatzen ari zen; eta guztion lanarekin, ostatu, bokata eta herritarren laguntzarekin, aitzinera egin dugu arazorik gabe” azpimarratu nahi izan dute.

Antolakuntzan zailena “dena kontrolpean zegoen jakitea, denataz oroitzea izan da” eta eguneko “puntu beltzena”  aparkatzeko arazoak, aurreikusita zegoena, izan zen, “tenore horretan egin zuen zaparradarekin batera”. Horri aurre egiteko, urruti aparkatzen zutenak herrira garraiatzen ibili ziren antolatzaileetako batzuk.  

Oro har,  balorazio hagitz ona egin dute, “pozgarria da hainbertze jendek, eta batez ere hainbertze herritarrek honen alde, hau aurrera ateratzeko, egin duten lana; pozgarria baita ere aurreikuspen guztiak bete eta gainditzea”.

 

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun