Uztailean berdintsu mantendu da langabetu kopurua eskualdean

Ttipi-Ttapa 2015ko abu. 4a, 13:56

Hilabete hondarrean 981 ziren Doneztebeko Enplegu Bulegoan izen emanak, ekainean baino 2 guttiago

Azken bortz hilabeteko joerari eutsiz zertxobait beheiti egin du langabeziak eskualdean uztailean ere. Zehazki, 2 langabetu guttiago daude, 981 denera. Nafarroa osoan, banaz bertze %1,35 egin du beheiti langabeziak, baina Doneztebeko bulegoan portzentaia apalagoa da, %0,2 bakarrik. 

 

Uztailean 918 kontratu egin ziren Doneztebeko Enplegu Bulegoaren bitartez, aspaldiko gehiena, baina horietatik 46 bakarrik izan ziren mugagabeak, aunitz uda parteko lanak direla nabarmenduz.

 

25 urtetik goitiko gizasemeetan bakarrik egin du beheiti

Adina eta sexuari dagokionez, 25 urtez goitiko gizasemeen artean 417 lagun daude langabezian, ekainean baino 12 guttiago. Adin tarte horretako emakumeen artean, aldiz, ekainean baino 7 langabetu gehiago daude, 492. 25 urtez beheitiko gizasemeen artean ere ekainean baino langabetu bat gehiago dago, 39 denera, eta adin tarte horretako emakumeen artean 2 langabetu gehiago daude, 33 denera.

Zerbitzuen arloa da langabetu gehien duena eta uztailean 2 gehiago ditu gainera (682). Industrian ere ekainean baino 3 langabetu gehiago daude, 126 denera. Eraikuntzan, aldiz, ekainean baino 2 langabetu guttiago daude, 90. Nekazaritzan ekainean baino langabetu bat gehiago dago, 25 denera, eta aitzinetik lanik egin ez dutenen artean ere 58 lagun daude langabezian, ekainean baino 6 guttiago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun