Konpaneko zubia moldatzen ari dira auzolanean Berako Illekueta auzoan

Ttipi-Ttapa 2015ko uzt. 29a, 07:51
Auzolanean ederki zaharberritzen ari dira Illekuetako Konpaneko zubia eta ingurua.

Joan den urteko ekainean hasi eta auzoko bestetarako inauguratu nahi dute

Berako Illekueta auzoan dagoen Konpaneko zubiak itxura ederra hartu du, joan den urteko ekainetik honat 15 beratarrek, Miguel Bikuña eta Juan Carlos Olaetxearen gidaritzapean, auzolanean egiten ari diren lanaren ondorioz. Ikusi argazkiak

 

Konpaneko zubia XVII. mendekoa izan daitekeela uste dute, baina Nafarroako Artxibo Orokorrera egindako bisitek oraindik ez dute bere eraikitze data zehazari buruzko daturik eman. Egitura aldetik ongi zegoen, arkua bikain, baina harriaren gainetik porlanezko paretak eginak zituen eta horrek aunitz itsusten zuten.

San Miguel zubian egindako lan bikainaren ondotik, erretiratu lan talde beretsuarekin harremanean jarri ziren Illekuetako auzotarrak eta iazko ekainean hasi ziren lanean. Materiala eta harriak Udalak jarri ditu. Batez ere zubiaren petrilak eta errekaren bi aldeko paretak moldatu dituzte eta horrekin batera, iturri berezi bat ere prestatzen ari dira, 1640.urtean eraikitako Konforbaitako arraska aprobetxatuz. Arraska zutik jarri eta ura sartuko dute orain.

Illekuetako auzotarrak kontent daude lanaren emaitzarekin eta irailaren erditsuan ospatzen dituzten auzoko bestetan inauguratu nahi lituzkete zubi berritua eta iturri berria.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun