Ezpata-dantzari Eguneko bazkarirako txartelak abuztuaren 1a arte eros daitezke Lesakan

Ttipi-Ttapa 2015ko uzt. 27a, 07:45

1985eko irailaren 1ean ospatu zuten Ezpata-dantzari Eguna Lesakan. 30 urte beranduago Beti Gaztek antolatuko du, bere 75. urteurreneko ekitaldien baitan.

Abuztuaren 9an ospatuko da, Beti Gazte Elkartearen 75.urteurreneko egunean eta 105 dantzari bilduko dituzte

Lesakako Beti Gazte Elkartearen 75. urteurreneko ekitadi nagusia izanen da abuztuaren 9rako iragarri duen Ezpata-dantzarien Eguna. Hain zuzen, egun horretan beteko ditu zehazki 75 urteak Beti Gaztek eta 105 ezpata-dantzari bilduko ditu.

 

Egun osorako egitarau zabala prestatu du Beti Gaztek, Lesakako Musika Bandaren, Lesakako Txistulari Taldearen eta Tantirumairu dantza taldearen laguntzaz. Goizeko 10etan egun horretarako bilduko diren zazpi ezpata-dantzari taldeak karrikaz karrika ibiliko dira.  11:00etan Plaza Zaharretik talde guziak elizara joanen dira, musika bandaren laguntzarekin. 12:30ean Zubigainekoa dantzatuko dute 105 dantzariek Onin errekaren bazterrean eta segidan, Ziharkakoa plazan. Eguna borobiltzeko, herri bazkaria eginen dute 14:30ean frontoian.

Aipatzekoa da duela 30 urte ere egin zela Ezpata-dantzari Eguna Lesakan, 1985eko irailaren 1ean, zehazki. Orduan, 5 talde atera ziren, 75 ezpata-dantzari guztira. Orduan, Beti Gaztek ez ezik, Basurde eta Eguzki elkarteek ere antolatu zuten, Lesakako udalaren laguntzarekin eta egitarau bertsua izan zuten, nahiz eta Iruñeko Udal dantzari taldeak ere saio bat eskaini zuen.

 

Bazkarirako txartelak

Herri bazkaria denentzako zabalik da, ezpata-dantzari izan edo ez. Txartelak Izarra okindegian, Koskila ostatuan, Telletxea liburudendan eta Jubilatuen Elkartean erosteko hondar eguna abuztuaren 1a da eta helduen menua 30 euro gostako da; haurren menua, aldiz, 10 euro. Helduen menuan, sarrera moduan ertzebete-taula eta zainzuriak, ganbaz eta zapoz beteriko piperrak eta fritoak izanen dituzte; legatza erromatar erara, limoi sorbetea cavarekin, bildots errea eta hostore-tarta, dena ardoa, sagardoa, cava, kafea eta koparekin. Haurren menuari dagokionez, makarroiak, xolomoa patatarekin eta petisuisak izanen dituzte, frexkagarriekin bustiak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun