San Ferminetako herri kirol jaialdian eskualdeko ordezkaritza zabala arituko da lehian

Ttipi-Ttapa 2015ko uzt. 6a, 13:37
Gizonezko zein emakumezkoen kategorietan arpana txapelketak jokatuko dira uztailaren 8an.

Uztailaren 8tik, 14ra Iruñeko Foruen Plazan

Urteroko ohiturari eutsiz, uztailaren 8tik aitzinera eguerdiko 12:00etan herri kirolek hartuko dute Foruen Plaza. Nafarroako arpana, ingude, aizkora, motozerra, txinga, lasto eta gurdi altxatze txapelketak jokatu dira eta emakume zein gizonezkoak arituko dira txapelaren bila. Horretaz gain, erakustaldiak ere egunero izanen dira. Ohikoa denez, eskualdeako kirolari aunitz izanen da bertan beren hoberena emateko prest.

Uztailaren 8an hasiko dira txapelketak eta arpana soinua nagusituko da. Hasteko Nafarroako I.Mailako Arpana Txapelketa jokatuko da. Eskualdetik Arraiozko Xabier Urrutia eta Daniel Saldias ariko dira lehian, Josetxo eta Iñaki Barberena (Iraizoz), Julen Kañamares (Arostegi) eta Mikel Eugi (Beunza), Oier eta Imanol Kañamares (Arostegi), Esteban eta Martin Pikabea (Gerendiain) eta Adrian Berruezo (Ibero) eta Alberto Oteizaren (Larrageta) aurka.  Etzanda jarritako kanaerdiko enborrari 14 epai eta zutikakoari 4 epai egin beharko dizkiote.

Segidan, Nafarroako Emakumezkoen Arpana Txapelketaren txanda izanen da eta bertan, eskualdeko bi bikote ariko dira: Nerea Sorondo eta Amaia Garcia beratarrak eta Aresoko Itxaso Onsalo eta Lesakako Xanta Sousak osatutako bikotea. Itziar Nuñez eta Ana Lopez (Lezaun) eta Ainhoa eta Ana Iraizoz (Elso) izanen dira beste bi bikoteak. Etzanda jarritako 45 ontzako enborrari 10 epai egin beharko dizkiote. Bukatzeko, Aizkora erakustaldia eginen dute Juan Jose Lopez eta Donato Larretxeak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun