Elizondoko herriak hainbat gai aztertuko ditu uztailaren 3ko batzarrean

Ttipi-Ttapa 2015ko uzt. 3a, 09:56

Iriarte frontoia estaltzeko eta plazako kioskoa moldatzeko elkarlanerako deia eginen diote udal berriari, bertzeak bertze

Elizondoko alkateak eta kargodunek herritarrak deitu dituzte uztailaren 3an, ortziral arratseko 8etan Elizondoko Herriko Etxean eginen den batzarrera. 2015 urteko hainbat beharren identifikazioa eta proposamenen bilketa eginen dute. Bertzeak bertze, Iriarte frontoia estaltzeko eta plazako kioskoa moldatzeko elkarlanerako deia eginen diote udal berriari.

Lehenik, azken batzarreko akta irakurri, eta hala balitz, onartu eginen da. Ondotik, karrika izendegi berriaren harira, Baztango Udalak eskaturik, Ziga Margolariaren Plazaren eta Coral de Elizondo-Elizondoko Abesbatzaren Plazaren izenak onartu, aurtengo Txokotoko bestetako data jarri edo Merkatuko Plazako gorapeko bi banku kentzeko proposamena aztertuko dituzte. Modu berean, Elizondoko hiru ikastetxeek elkarrekin kudeatzeko baratze bat eskatu diote Herriko Etxeari ekimen batek eta horren inguruko informazioa emateaz gain, nola erantzun erabakiko da. Amaiurko Gaztelua karrika eta Diputazio Etorbidearen artean dagoen parkea auzolanean moldatzeko talde edo komisio bat sortu nahi da eta Baztango udal talde berriari Iriarte frontoia estaltzeko eta Plazako kioskoa moldatzeko elkarlanerako deia ere eginen dute, galdera eta eskaeren txandaren aitzinetik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun