Doneztebeko bi taldek eta Arraiozko batek lortu dute laxoa txapelketako finalerdietarako txartela

Ttipi-Ttapa 2015ko eka. 29a, 08:03
Gaur egungo txapeldunek doi-doi lortu zuten finalerdietarako txartela, Oiztik zekartzaten markagailuari buelta emanez.

Laugarrena Iruritakoa izanen da, herri horretako bi taldek jokatuko baitute final laurdenetako itzulerakoa uztailaren 4an 

Baztan-Errekako 36. Laxoa txapelketako final erdietan zein talde ariko diren erabakixea gelditu da asteburu honetan. Arraioz B Lur Sagardia, Doneztebe Avia eta Doneztebe The Moment taldeek badute txartela dagoeneko. Laugarrena datorren larunbatean jakinen da, Iruritako plazan herriko Miguelene eta Biek taldeek jokatuko duten itzulerakoan. Joanekoan Miguelenekoek 9-5 irabazi zuten.

 

ITZULERAKO PARTIDAK

Ortziral arratsalden Doneztebeko “Bear-Zana” plazako bi partidak besta giroan jokatu ziren, txupinazoa bota baino lehenago. Arraiozko plazan, berriz, sekulako buelta eman zen.

 

Arraioz C Lur Sagardia (X.Bengoetxea-D.Saldias-M.Maritorena-S.Navarro):    

Arraioz B Lur Sagardia (M.Mindegia-X.Mihura-A.Alunda-X.Maritorena):

Markagailua: 1-0, 1-1, 6-1, 6-3, 7-3, 7-7, 8-7, 8-9. Joanekoan: 7–9.

Iraupena: 3 ordu. Orokorrean, arraioztarren arteko kanporaketa hau maila handikoa izan da, ezin hobea. Partidak bi zati izan zituen: lehenbizikoan, C taldeak partida erraz irabaziko zuela emanten zuen, baina pixkanaka Arraioz B taldeak erreakzionatu egin zuen eta sekulako buelta etorri zen; azken jokoetan emozioa eta tentsioa nagusitu ziren. Hasieran Bengoetxeak bere nagusitasuna erakutsi zuen, baina gero Mindegia sake luzeak eta motzak tartekatuz eta talde osoa konfidantza hartuta, partida eta kanporaketa gainditu zuten.

 

Doneztebe The Moment (P.Bertiz-K.Legarra-J.Bertiz-J.Arraztoa): 9

Oiz Kokoetxea (A.Saldias-L.Mendiola-U.Zelaieta-I.Mendiola): 6

Markagailua: 4-0, 4-3, 5-3, 5-4, 6-4, 6-5, 7-5, 7-6, 9-6. Joanekoan: 7–9.

Azken kintze arte ez zen kanporaketa argitu; oiztarrak doi-doi egon ziren kanporaketa berdintzeko eta luzapena jokatzeko aukerak izan zituzten gaur egungo txapeldunen aurka. Emozio handiko partida, agian ez zen maila handikoa izan; inork ez zuen arriskatu nahi, kintze gehienetan pilota lurretik botatzen arraiak egiteko. Oizko taldea txapelketatik kanpo gelditu da, baina itxura oso ona emanez.

 

Doneztebe Avia (J.Almandoz-A.Mutuberria-J.Telletxea-J.Apezetxea): 7

Doneztebe Apezteguia (J.Apeztegia-R.Etxebeste-I.Santesteban-X.Uterga): 9

Markagailua: 0-1, 1-1, 1-2, 2-2, 3-3, 4-4, 5-5, 6-6, 7-7, 7-9. Joanekoan: 9–1.

Doneztebe Aviak bere bigarren jokoa berehala lortu zuen eta, beraz, kanporaketa bere alde utzi. Horregatik behar bada, bi taldeek partida polita eskeini zuten eta jokaldi ederrak. Apezteguia sakalari ezkerrak bere ahalmen  guztiak erakutsi zituen, baina zortzi jokalarien artean, gehien nabarmendu zena herriko alkate berria, Xanti Uterga, izan zen. Partida jokatu, partida irabazi eta geroxeago txupinazoa bota zuen herriko bestei hasiera emanez.

 

Beraz, erran bezala, uztailaren 4an, larunbatean 17:00etan jokatuko dute final laurdenetako itzulerakoa Irurita Biek eta Irurita Miguelene taldeek. Irabazleak Doneztebe Avia izanen du esperoan finalerdia jokatzeko. Bertze finalerdian, Doneztebe The Moment eta Arraioz B Lur Sagardia izanen dira aurrez aurre.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun