Leitzaldeko Eskolen arteko XVI topaketak ekainaren 6an ospatuko dira Areson

Ttipi-Ttapa 2015ko eka. 2a, 07:46

Duela hiru urte ere Areson egin zuten topaketa.

Areso, Leitza eta Goizuetako eskolak bilduko dira larunbatean

Aresoko Nazabal eskolakoak burubelarri ari dira antolatzen ekainaren 6an ospatuko duten Areso, Leitza eta Goizuetako eskolen arteko topaketa. XVI. edizioa da aurtengoa eta hiru herrietako haur, guraso eta irakasleen arteko harremanak indartzea da ekimenaren helburua. Festarako logo eta lema egin dituzte eta "ni+zu=gu" lelopean bertaratzeko deia luzatu dute. 

Horrekin batera, abestia ere prestatu dute. Zigor Agirrek, Aresoko eskolako irakasleak, osatu ditu hitzak eta Ruper Ordorikaren Glu Glu doinua erabili dute oinarrian. Maiatzaren 14an Leitzako Karrape irratian egin zuten grabaketa eskolako haur, guraso eta irakasleek eta ederki pasa zuten.

 

Egun osoko festa

Ekainaren 6an, duela 16 urte hasitako ohiturarekin segiz, hiru herrie­tako haur, guraso eta irakasleak elkartuko dira. Goizeko hamaiketan hasiko da festa, adin desberdinetako haurren­tzat prestatu dituzten  joku eta tailerrekin.  Eguer­dian 13:00ak inguruan ni+zu=gu abestia kantatuko dute eta ondoren paella erraldoia dastatzeko parada izango da. Arratsaldean fanfa­rre eta txistulariekin kalejira egingo da herrian barna eta ondoren soka-tira eta entzie­rroa ere antolatu dituzte. Inda­rrak berri­tzeko merienda izango da ondoren eta  eguna giro bikainean bukatzeko dantzaldia izanen da gero. Ilusio handiarekin lanean aritu dira hiru eskoletako gurasoak, eta orain gozatzeko garaia da. Ea eguraldiak ere laguntzen duen. Guztia prest dago, denak he­rrian biltzea bakarrik falta da. Abestiak dion bezala: Ni eta zu, Areson aukera daukagu, ni eta zu bihurtu gaitezen gu!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun