IrriSarri Landek zaldiei eskainitako asteburu berezia prestatu du

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko mai. 26a, 07:52
Zaldiarekin zerikusia duten hainbat ekitaldi izanen dituzte asteburuan Irrisarri Land-en.

Maiatzeko azken asteburua izanen da, eta Fernando Noailles aditua Igantzin izanen da

IrriSarri Land zaldien zaleen topagune bilakatuko da maiatzeko azken asteburuan, haiei eskainitako programazioa prestatu baitu Igantziko abentura parkeak.

 

Jarduerak ortziralean, maiatzak 29, abiatuko dituzte arratsaldeko 6etan Fernando Noaillesek eskainiko duen hitzaldiarekin; “Animalien komunikazioaren sekretuak” gaia landuko du. Noaillesek ospe handia du nazioartean munduko “zaldi xuxurlari” bakarretakoa delako, eta Emozio-entrenatzaile gisa lan egiten du haiekin. Multinazionaletan, enpresa partikularretan, espetxeetan, klinika psikiatrikoetan eta beste hainbat lekutan aritutakoa da, gainera. “Zoriontsu izatea ez da aldarte bat, erabaki bat baizik” printzipiotik abiatuta osatuko du parkean eskainiko duen eta ikuslego zabalari zuzenduta dagoen mintzaldia. Halaber, nork bere emozioak gidatu, bideratu, kudeatu eta kontrolatzeko gakoak emango ditu, horiek erreprimitu gabe.

Segidan, Aitor Larretak GPSei eta orientazioari buruz hitz egingo du. Eta eguna borobiltzeko, afaria izango da Jolastokiko tabernan.

Larunbatean zaldi-ibilaldia egingo dute parkeko lurretan barrena, eta landa-bazkariaz gozatu ahal izango dute zaldizkoek. Ibilaldian parte hartu nahi dutenek beren zaldiak ekarri beharko dituzte, baina  deskontuak izanen dituzte ostatu hartu nahi badute; zaldiak IrriSarri Landeko ukuiluan gorde ahal izango dituzte, noski. Gauean afari mexikarra izanen da, eta Los Txamukos mariachiek girotuko dute gaua.

Igandean, azkenik, 9:00etatik aurrera Mendaur mendira igoera egingo dute, zaldiz zein oinez. Gainera, zaldiak identifikatuta eta ikusgai izango dira asteburu osoan, bisitariek haiek ikusteko aukera izan dezaten.

Interesatuek asteburuko jarduera guztietan eman dezakete izena, edo nahiago badute, jarduera jakinetan soilik. Bi kasuetan, 948 928 922 telefonora hots egin beharko dute inskribatzeko.

Parte hartzaileek, sari-sorpresak jasotzeaz gain, EmoZiona Esperientziaz gozatuko dute, T370 tirolina barne.

IrriSarri Landek zaldi-ibilaldiak egiteko aukera eskaintzen du duela urtebetetik, parkean bertan hainbat zaldi baitaude. Gainera, beren zaldiekin bidaiatu nahi duten lagunentzako zerbitzua duen establezimendu bakarretakoa da, haientzako ukuilua eta elikagaiak eskaintzen baititu.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun