Aurten ere Xibolako gaztak irabazi du Sunbillako gazta lehiaketa

Ttipi-Ttapa 2015ko mai. 25a, 10:39
Zibolako Santiago Espelosinek eskuratu zuen gazta onenaren saria, Arkaitz Vicenteren eskutik.

Asteburu Kulturalaren baitan hainbat ekitaldi egin dituzte

Zazpigarren urtez segidan egin da Sunbillako gazta lehiaketa, Asteburu Kulturalaren baitan. Aurtengoan 8 gaztak parte hartu dute igandeko lehiaketan. Maila haundia izan dela aipatu digute epaimahaikide lanean urtero izaten diren Arkaitz Vicente adituak (Lizun gaztandegikoa) eta Rakel Urtxegi eta Mañoli Iriarte laguntzaileek. Irabazlea berriz ere pasa den urtean bezala Santiago Espelosin izan da (Xibola), bigarren Justa Ibarra (Primeneko bordakoa) eta hirugarren Miguel Anzizar eta Koro Elizondo.

 

Zare eder baten zozketa ere egin zen eta hau Leonor Latasari suertatu zaio. 

Honez gain, asteburu borobila izan dute Sunbillan. Ortziralean haurren txanda izan zen. Ondoren irriterapia saioan 30 bat lagunek primeran pasatu zuten eta ondotik afari autogestionatuan ere giro aparta izan zuten.

Larunbatean mendi ibilaldira ere bizikletaz eta oinez kuadrilla bat animatu zen. Zumalekuko bordan gosari eder bat egin eta buelta herrira. Haurrek beraien txanda izan zuten berriz ere larunbatean. Eguerdian gazteek Ariztigain kanpinean bazkarieder batez gozatu zuten.

Igandea, Asteburu Kulturala borobiltzeko egun ederra izan zen. 33 artisauen lanekin beteta zegoen frontoia. Herriko haurrak, herriko talogileak, eskulanak, Sunbillako Guraso Elkartea, Beñat eta Jon, etab. denetik bazen ikusteko. Eguraldiak goiz partean sobera lagundu ez zuenez, herriko haur dantzarien emanaldia frontoian egin behar izan zuten eta bikain dantzatu zuten neska mutiko ttikienek eta gaztetxoek. Ondotik, Mendaur trikitixa-panderoa eskolak ere bere emanaldia eskaini zuen. Hasiera frontoian eman zuten. Ondoren Itturburu ostatura kalejiran joan ziren eta han ere kanta batzuk jo zituzten. Berriz ere frontoiko plaza ttikira bueltatu ziren. Euria hasi eta azkeneko saioa frontoi barrenean egin behar izan zuten. Halere, dena ederki bete zen eta egun bikaina izan zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun