Joxepa Arakues da Lesakako San Fermin elkarteko presidente berria

Ttipi-Ttapa 2015ko mai. 6a, 07:16
Maiatzaren 1eko ibilaldi neurtuan 9 bikote atera ziren eta Margarita Zubiri eta Beatriz Sagaseta suertatu ziren garaile. Kokoriko, eskuinetik hasita lehenbizikoa, Joxepa Arakues presidenta berria ageri da.

Aldaketak izan dira zuzendaritza batzordean eta 18 urte baino gehiago karguan izan den Carmelo Etxarteren lekua hartuko du

Lesakako San Fermin erretiratuen elkarteko zuzendaritza batzordean aldaketak izan dira. Azkeneko 18 urte baino gehiagotan presidente izan den Carmelo Etxarteren lekukotza hartu du Joxepa Arakuesek. Beraz, lehenbiziko emakume presidentea izanen da elkartean. 

 

Lehendakari berriarekin batera, Kontxi Ordoki presidente ordea, Kontxi Landa idazkaria, Manuel Angel Lain diruzaina eta Nekane Irurieta bokala sartu dira batzordean. Lehendik segitzen duten Josefina Andueza, Jose Manuel Curto eta Jose Luis Porturekin ariko dira lanean. Carmelo Etxarterekin batera, Ramon Etxenike idazkariak, Agustin Arriola diruzainak eta Patxi Zapirainek utzi dute batzordea, kasik 19 urte eman baitute eta jende berria sartzeko premia zela uste baitzuten.

Gaur egun 411 bazkide dituen elkarteak otsailaren 28an egin zuen batzar orokorra eta ez zen inor azaldu ardura hartzeko prest. Bi hilabeteko epea jarri zuten jendeak  izena eman zezan, baina apirilaren 24ean batzarra egin zenean ere pertsona bakarra zegoen apuntatua. Bertze inor ez zela aurkeztuko ikusirik eta horren elkartea desegitea, ostatua ixtea eta bertze zenbait gorabehera sor zitzakeela ikusita, taldetxo bat aurkeztu zen lanerako prest. Joxepa Arakuesek dioenez, «nahiko bapatekoa izan zen erabakia, eta holaxe sartu ginen. Guk nahiago genuen Manuel Angel Del Rio izatea presidente, baina berak ez zuen nahi».

Beraz, lehenbiziko helburua elkarteak aitzinera egitea bertzerik ez da, «bertze asmorik gabe, gauzak nahiko antolatuak zeuden 2015erako eta. Bertzalde, gauza berri askorik ere ezin egin, hau ez da Arkupeak bezalako elkarte handi bat eta dugun bazkide kopuruarekin, zaila izanen zen adibidez aste bateko irtenalditxoa bat egitea, baina saiatu saiatuko gara. Nahiz autobusa betea ez izan, mikrobusa bat edo, agian…».

Bitxikeri moduan, 411 bazkideen artean lanean ari den bakarra da Joxepa Arakues «eta Carmelo Etxarte presidente sartu zenean, bere egunean, gauza bera gertatu omen zen». Gainera, 58 urte bete berriekin, bazkide gazteena ere bada eta lehen aldiz emakumea presidente karguan. «Egia da orain emakume aunitzek osatzen dugula batzordea, gehiengoa gara, agian gizonak alferxeago dabiltzalako?» galdetzen du irrika.

Gaztetasun horren ondorioz, ideia berriak ere sortuko dira seguruena, baina momentuz, «lehenengo ikusi eta ikasi egin behar orain arte egon den zuzendaritzatik, aski ongi egin baitu bere lana. Eta gu, gazteagoak garenez, ez gara aunitz ibili orain arte. Irteera batzuk egin ditugu, baina bertze batzuk, pena handiarekin utzi egin behar izan ditugu».

 

Maiatzeko lehen asteburua

Ohikoa denez, maiatzeko lehen asteburua mugitua izaten dute San Fermin erretiratuen elkartean. Maiatzaren 1eko ibilaldi neurtuan, erraterako, 9 bikote aurkeztu ziren eta Margarita Zubiri eta Beatriz Sagaseta suertatu ziren irabazle. Maiatzaren 3an Ama eta Amonaren Eguneko bazkaria izan zuten eta hilaren 4an, karta joku ezberdinetako txapelketak abiatu ziren.

Aitzinera begira, maiatzaren 21ean Lizarrako merkatua ikustera aterako dira, «aski egun polita izaten da», dio Arakuesek. Ekainaren 24an San Juan Xarrera egiten duten ateraldian ere aldaketaren bat eginen dute. «Beti bezala Arantzan bazkalduko dugu, baina Igantziko Irrisarri Landera bisitatxo bat egin nahi dugu, ez dakigu aperitiba hartzera edo kafea hartzera sartuko ote garen, jendean ezagutu dezan pixko bat, eta nork daki, norbait animatzen bada, tirolinan edo ibiltzera».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun