Lesakako Andra Mari Zahar Etxeko lan hitzarmena sinatu dute lehen aldiz

Ttipi-Ttapa 2015ko mai. 5a, 07:10
Lan hitzarmena sinatu dute lehen aldiz Lesakako Zahar Etxeko langileek eta patronatuak.

Lan ordu kopurua izugarri jaustez gainera lanpostu berriak ere sortu direla dio LAB sindikatuak

Lesakako Andra Mari Zaharren Egoitzako langileentzako lehenengo lan hitzarmena sinatu berri dute langileek eta Zaharren Egoitza kudeatzen duen Patronatuak. Hitzarmen honen balorazio positiboa egin du LAB sindikatuak «langileen baldintzak izugarri hobetzen dituelako eta aurretik aplikatzen zitzaien Nafarroako Ostalaritzako lan hitzarmena aunitz hobetzen duelako».

Lan hitzarmena negoziatzerakoan, «ahal zen neurrian Nafarroako administrazio publikoko lan baldintzetara hurbiltzea» zuen helburu LABek, nahiz eta udalaren egoera ekonomikoarengatik guztiz parekatzea izanen zela jakitun izan. Halere, Udaletxeak lan baldintzak hobetzeko jarritako dirua ordu kopuruak jautsi eta lanpostuak sortzeko erabili dela aipatu dute LABetik, «lan ordu kopurua izugarri jaitsiz eta gainera lanpostu berriak sortuz».

LABen erranetan, «Lesakako udalak eta patronatuak erakutsi dute nahi izanez gero bertzelako politikak egitea posiblea dela, borondate politiko kontua dela, eta kasu honetan langileen lan baldintzak hobetzeko hautua egin da udaletxetik eta lan hitzarmen berri honetan irudikatu da».

Lan hitzarmen honek Lesakako Andra Mari Zaharren egoitzan epe berri bat ireki duela uste du LABek, «orain lanean jarri behar dugu denok, lan hitzarmen berri honek ematen dituen aukerekin ematen den zerbitzu hobetzen joateko, lan baldintza hobeekin zerbitzu publikoa ere hobetu egiten baita».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun