Giro bikaina izan da aurten ere Goizuetako Txino auzoko festetan

Ttipi-Ttapa 2015ko mai. 5a, 07:30
Shamaliats BellyDance taldearen dantza orientalek ikusmina piztu zuten.

Euxtakio Zubieta, Xatur Salaberria eta Oihane Zugarramurdi auzotarrek bota zuten txupinazoa

Beste urte batez maiatzeko lehen asteburuan ospakizun giro ederra izan dute Goizuetan, Txino auzoko festak ospatu baitituzte, Gazte Asanbladak, Ezker Abertzaleak, Zubiondok, Udalak eta Umore Onak antolatuta. Ikusi Felix Loiarteren argazkiak

 

 

Joan den urtean bezala, maiatzaren 1an, ostiral arratsean Julio Sotok eta Xabier Legarretak eman zioten hasiera festari, Zubiondon eskainitako saioarekin. Mus txapelketa ere jokatu zen.

Halere, festetako egun handia larunbata izan zen. Ohiturari eutsiz, eguerdian bota zuten festei hasiera ofiziala ematen zion txupinazoa, nahiz aurretik herri krosaren laugarren edizioa ere burutu zen. Aurten ere auzotar batek bota zuen lehen suziria, Euxtakio Zubietak, Xatur Salaberria emaztearekin eta Oihane Zugarramurdi bilobarekin batera.

Dragoi koloretsua hara eta hona ibili zen eta herri bazkarian ere jendetza bildu zen. Bazkalondoan, Shamaliats BellyDance sabel dantza eta beste dantza orientalak ikusteko aukera izan zen, baita trikitilariekin kalejiran ibiltzekoa ere. Gauerditik aurrera kontzertuak ere izan ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun