Zeberio II eta Endikak irabazi dute V. Sagardoaren txapelketa

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko api. 27a, 10:17
Zeberio II eta Endika txapeldun eta Uterga eta Olazar azpitxapeldun.

Ez zieten aukerarik eman Uterga eta Olazarri finalean eta 40-27 nagusitu ziren 

Zeberio II eta Endika Urrutia saldiastarrak ez zieten aukerarik eman Xanti Uterga eta Patxi Olazar doneztebarrei apirilaren 25ean Galarretan jokatutako Sagardoaren txapelketaren finalean eta 40-27 irabazi zuten. Lehen txapela da bientzat.

Hasiera hasieratik agindu egin zuten gorriek eta merezimendu osoz irabazi zuten txapela, emozio handiegirik gabeko finalean. Endika bikain hasi zen, sakearekin ez ezik piloteoan ere min eginez (10-1). Hortik aitzinera, gehienez ere zazpi tantura hurbildu zen Doneztebeko bikotea (12-5) eta alde nabarmenarekin agindu zuten. (15-5, 20-8, 25-10, 28-16, 35-19, 39-23 eta 40-27).

Endikak 9 tantu egin zituen sakez eta bertze bortz piloteoan eta  finaleko onena izan zen. Atzelari hasi zenetik gero eta hobe moldatzen da. Zeberiok ere 16 tantu bukatu zituen. Utergak 14 tantu egin zituen eta 6 pilota galdu eta Olazarrek launa tantu egin zituen piloteoan eta sakearekin eta hiru pilota galdu.

Txapela jantzi ondotik, Endikak zioenez, «hasieran errenta ona hartu dugu eta horren ondorioz lasai jokatu dugu». Zeberiok ere, uste baino errazagoa izan zela onartu zuen. Doneztebeko bikotea triste zegoen erakutsitako joku mailagatik, «hasieratik ez gara eroso aritu eta ez dugu deustan asmatu, horrela jokatuz ezinezkoa da irabaztea», zioten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun