Berako Mendi Maratoi Erdiaren bezperarako hainbat ekitaldi antolatu ditu Manttalek

Ttipi-Ttapa 2015ko api. 8a, 08:04
Eskolako frontoiaren paretean eginen dute sprint eskalada, Zia errekaren ondoan.

Eskalada sprint lehiaketa, aizkolariak eta mendi proiekzioa izanen dira apirilaren 18an

Bigarren urtez, Manttale Mendi Lasterketa Taldeak, Agerra Mendi Taldea eta Gure Txokoaren laguntzarekin, apirilaren 19an ospatuko den Berako Mendi Maratoi Erdiaren bezperan hainbat ekintza antolatu ditu. Eskalada sprint lehiaketa izanen da lehenik, aizkolariak ondoren eta mendi  proiekzio bat bukatzeko.

Bigarren urtez, Manttale Mendi Lasterketa Taldeak, Agerra Mendi Taldea eta Gure Txokoaren laguntzarekin, apirilaren 19an ospatuko den Berako Mendi Maratoi Erdiaren bezperan hainbat ekintza antolatu ditu. Eskalada sprint lehiaketa izanen da lehenik, aizkolariak ondoren eta mendi  proiekzio bat bukatzeko.

Ekintza hauek apirilaren 18an hasiko dira Altzateko frontoian, larunbat arratsaldeko 3:30etik aitzinera Abiadura Eskalada Txapelketarekin. Izen ematea internet bidez egin daiteke manttaletaldea@gmail.com helbidera idatziz edo eta egunean berean. Bi kasuetan prezioa 5 eurokoa izanen da federatuentzat eta 8 eurokoa federatu gabekoentzat. Gizon eta emakumezkoa seniorretan irabazleek txapela, trofeoa eta 100 euro jasoko dituzte, bigarrenek 75 euro eta hirugarrenek 50 euro; 17 urtez behekoen artean ere opariak izango dira lehen sailkatuentzat. Kanporaketak 15:30ean hasiko dira eta 18:30etik aitzinera finalak Rikardo Baroja eskolako frontoiaren kanpokaldeko paretean, Zia errekaren ondoan.

Kanporaketak bukatzerakoan eta finala baino lehen, 17:30 aldera, kiroldegiko kanpokaldean aizkolarien arteko lehia izanen da. Lehenengo proban Iban Resano (Dorrao), Angel Eraso (Salinas de Oro) eta Xabier Mindegiak (Beintza Labaien) Nafarroako Bigarren Mailarako jautsiera kanporaketa jokatuko dute. Bertzalde, Euskal Herriko Bigarren Mailarako jautsiera kanporaketa Ruben Saralegi (Leitza) eta Juan José Lópezek (Lezaun) jokatuko dute. 

Eguna bukatzeko, Beralandetan, Iñaki Razkinek Himalaya Txinatarrean egindako espedizioaren inguruan proiekzio bat eskainiko du. Kulum mendikateko Muztagh Ata (7.546 metro) mendian egindakoa hain zuzen ere.

 

Oinezko ibilaldiak eta laguntza

Lasterketa egunean, igandean, bertze urtetan bezala, bi ibilaldi bat antolatu dira lasterketa ikustera joateko. Lehenengoa goizeko 8etan abiatuko da Laruneraino igotzen dena eta handik berriz Berara jeisteko (14 kilometro) eta bigarrena 08:30ean abiatuko da Landagainetara joaten dena Usatitatik pasatuta,10 kilometro ingurukoa. Maratoi Erdia ohikoa den bezala 9.30tan abiatuko da.

Gure Txokoa elkarteak, bere aldetik, jendea behar du Mendi Maratoi Erdiaren irteera eta helmuga antolatzeko. Jende aunitz elkartzen bada bi talde ere egin ditzake, bat irteera antolatzeko (08:00etatik 10:00etara) eta bertzea helmugarako (11:00etatik 14:00etara). Laguntzeko prest dagoenak guretxokoaelkartea@gmail.com helbidera idatz dezake.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun