Xorroxinek eta Ttipi-Ttapak bat egin dute erran.eus plataforma digitalean

Ttipi-Ttapa 2015ko mar. 25a, 10:40
Astelehenean aurkeztu zuten erran.eus plataforma digital berria

Hedabide izatetik komunikabide izatera pasatzeko asmoan, mendialdeko eragileek lekua izanen dute webguneko Komunitatean

Martxoaren 23an aurkeztu zen Donezteben interneteko erran.eus atari berria, komunikazio elkar-trukerako tresna izateko helburua duena. Xorroxin Irratiak eta Ttipi-Ttapak bat egin dute proiektu honetan, baina biezbat egitea baino aunitzez gehiago izan nahi du, “hedabide izatetik komunikabide izatera pasatu nahi du, bi norabidetako elkartrukea ahalbidetzea”. Horregatik, eskualdeko herritar eta taldeek ere ahotsa izanen dute Komunitatea izeneko atalaren bidez. Hango eta hemengo informazioa bilduaz, eskualdearen erakusleihoa izateko jaio da erran.eus.  

Martxoaren 23an aurkeztu zen Donezteben interneteko erran.eus atari berria, komunikazio elkar-trukerako tresna izateko helburua duena. Xorroxin Irratiak eta Ttipi-Ttapak bat egin dute proiektu honetan, baina biezbat egitea baino aunitzez gehiago izan nahi du, «hedabide izatetik komunikabide izatera pasatu nahi du, bi norabidetako elkartrukea ahalbidetzea». Horregatik, eskualdeko herritar eta taldeek ere ahotsa izanen dute Komunitatea izeneko atalaren bidez. Hango eta hemengo informazioa bilduaz, eskualdearen erakusleihoa izateko jaio da erran.eus. 

Eskualdeko informazioa euskaraz jaso eta emateko Xorroxin irratiak eta Ttipi-Ttapa aldizkariak elkarlanean eraikitako gunea, herritarrekin partekatzeko eta Cederna-Garalur, Udalbiltza eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan dute abiatzeko. Codesyntax enpresak garatu eta Tokikom euskarazko tokiko hedabideen elkarteak saretu asmo duen herri komunikabideen arteko plataforma digitalaren Nafarroako Mendialdeko web-gunea izanen da Erran.eus ataria. Euskal Herrian, gisa honetako bertze hamaika plataforma daude.

Egunero egunero, eskualdearen berri emateko helburuarekin sortu da Erran.eus.  Xorroxin irratia zuzenean entzuteko aukera izanen da bertan, baita audio lotura bereziak aditzeko ere eta Ttipi-Ttapak idatzitako albisteak irakurri, bideo eta argazkiak ikusi eta urtebetetze eta merkatu ttikia bezalako zerbitzuak kontratatzeko aukera ere izanen dute bisitariek. Eta ez hori bakarrik, hango eta hemengo erranak biltzeaz gain, zer esana dutenei txoko bat ere eskaini nahi baitie atari berriak.

Tokikom-eko presidente Urko Aristik aipatu zuenez, «urteetako eskarmentua duten komunikabideak dira erran.eus aurrera atera dutenak, bere egunerokotasunean erakusten dutenak zeinen fin lan egiten duten eta hori berme handia da. Norbere ezaugarrieri uko egin gabe, elkarrekin fruitu berri hau eman dute». Izan ere, Xorroxin Irratiak 1981etik emititzen du Baztan-Bidasoaldean eta Ttipi-Ttapa aldizkaria ere 1981ean sortu zen eta 1990ean eman zuen hamabostekari izateko urratsa. Euskal komunikabideen artean Interneterako saltoa eman zuen lehena ere izan zen, 1996an. Alde horretatik, wegbune berriak Xorroxin Irratia zuzenean aditzeko eta 2007az geroztik Ttipi-Ttaparen ale historikoak kontsultatzeko aukera ere ematen du.

Topaguneko Oskar Zapataren erranetan «handia da tokiko komunikabideen hedapena Nafarroan. Duela hamar urte Nafarroako Gobernuak hartutako norabidea ikusita etorkizun beltza iragarri genuen, baina azken urtean guaixe.eus, euskalerria.eus eta erran.eus proiektuak aurrera atera dira, Tokikom Plataformaren baitan. Ekaitzari duintasunez eta grinez eutsi diogu. Hamar urte beranduago proiektu ilusionagarri batekin gatoz, garrantzitsua da euskalzaleei hitza ematea».

Ttipi-Ttapako Joxemanuel Irigoienek, Komunitatearen garrantzia azpimarratu zuen. Era berean, «proiektua Baztan-Bidasoaldeko arrotik abiatzen da, baina egitasmoa zabalik gelditzen da Nafarroako mendialdea proiektu honen inguruan artikulatzeko» jakinarazi zuen.

 

Komunitatea

Komunitatea izeneko leihoa da, erran.eus-ek dakarren berrikuntza nabarmenenetakoa. Ttipi-Ttapako Eneritz Iraolak aipatu zuenez, “erabiltzaileei informazioa kontsumitzetik haratago, informazioa partekatzeko aukera emanen dien tresna da komunitatea”.  Bertan, eskualdeko herritar, talde, elkarte edota erakundeetako partaideei ahotsa eman nahi zaie eta guztien Foro libre eta irekia izanen da beraz, asteko 7 egunetan 24 orduz martxan izango dena, “nolabait bakoitzak bere aldetik sare sozialetan, blog edo webguneetan argitaratzen dutena erakusleiho bakarrean biltzea da asmoa”. Elkarrekiko errespetua izanen da baldintza bakarra, karaktere kopuru edo ordutegi jakin batek ez baitu mugatuko. Baztan, Bortziriak, Bertizarana, Malerreka, Leitzaldea eta Xaretan interesa eragiten duten albiste eta hitzorduak partekatzeko aukera izanen dute komunitateko kideek, baita argazki, bideo eta iritziak zabaltzekoa ere.

Horrekin batera, eskualdeko herri bakoitzak bere atala izango du, eta bertan herriarekin loturiko informazioa ordenatuko dute. Eskualde mailako beste zenbait gai, ordea, gaiaren arabera sailkatuko dituzte. Eta urte hauetan guztietan Ttipi-Ttapa aldizkariak sortu duen hemeroteka oparoa ere bertan topa daiteke.

Internetek ohiko kazetaritzaren euskarrien zurruntasuna irauli egin duenez, ikus-entzunezko informazioa eta informazio idatzia eskutik joango dira atari digitalean, eta informazioa gertatzen ari den unean bertan eskaintzea izango da helburuetako bat.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun